Alex Mozas: “Neurketa zaila izanen da, ez giroagatik soilik, taldea zena baino hobea delako orain”

2026/09/25
Irudek Bidasoa Irunek Tubos Aranda Villa de Aranda taldea bisitatuko du bihar, irailaren 26an, 19:00etan, denboraldiko hirugarren jardunaldia jokatzeko. Sasoi onean dagoela erakutsi du dagoeneko talde irundarra, bitik bi neurketa irabazita. Hirugarren garaipenaren bila joanen da oraingoan ere, jakinda Cangasen egindako errepikatu beharko duela eta, ahal bada, hobetu ere.
Alex Mozas: “Neurketa zaila izanen da, ez giroagatik soilik, taldea zena baino hobea delako orain”
Irudek Bidasoa Irunek Tubos Aranda Villa de Aranda taldea bisitatuko du bihar, irailaren 26an, 19:00etan jokatuko den Nexus Energia ASOBAL Ligako hirugarren jardunaldia ospatzeko. Denboraldiko lehen bietan garaipena lortu ondotik, talde irundarrak hirugarrenaren bila joan nahi du asteburu honetan, sei punturekin bueltatzeko etxera, Europako Txapelketari motibazioz aitzin egiteko. Cangasen kontrako azken partiduan Bidasoak bere indarra eta maila altua erakutsi zuen. Mario Nevado izan zen gehien nabarmendu zen jokalaria, nahiz eta kolektiboki gehiago aritzea den taldearen helburua. Alex Mozas entrenatzaileak dioenez, “ez dugu jokalari bakar bateko taldea izan nahi, ez nuke nahi dependentzia hori sortu. Kolektibitatea bilatzen dugu, nahiz eta maila hortako jokalari bat edukitzea oso ona den guretzat”. Hori errepikatzeko gogoz daude guztiak, baita hobetzeko ere. Cangasen kontrako lehen 22 minutuetan nagusi izan zen Bidasoa eta hori luzatu nahi du Arandaren kontra: “Lehen 22 minutu horiek luzatu behar ditugu orain, batez ere maila defentsiboan. Erasoan ere ordena gehiago behar dugu”. Hau jakinda, indartsu doaz jokalari eta teknikariak Arandara, bertako pabilioian egonen diren zaleak aunitz estutuko dutela jakinda: “Arandan zaleek asko estutzen dute, baina hori baino gehiago ere bada taldea. Plantilla handia du eta asko hobetu dute, zirena baino hobeak baitira orain”. Honi aitzin egiteko, edonola ere, prest dago Bidasoa. Entrenamenduak geroz eta baliagarriagoak dira eta maila handiko talde sortzen ari direla onartu du Mozasek: “Jokalari guztiak ari dira taldeari dutena ematen eta heldutasuna erakusten. Entrenamenduetan maila igo dugu eta horrela segitu behar dugu. Orokorrean, oso pozik nago”. Bihar Arandan irabazteko gakoa “erregulartasunean” egonen dela argitu du entrenatzaileak. Neurketa “berdindua” egonen dela aurreikusi du madrildarrak eta, betiko moduan, detaileetan fin ibiliko beharko dira jokalariak, bertze bi puntu poltsikoratzeko. Hiru jardunalditan hiru garaipen lortuta, sei puntu izanen lituzke Bidasoak sailkapenean eta, zenbakiez aparte, horrek emanen liekeen motibazioa baliagarria izan baitaiteke asteazkenean, irailaren 30ean, etxean Europako Txapelketari aitzin egiteko.