Asteburu gogorra izanen dute Txingudi Rugby Klubeko seniorrek
2026/03/06
Biok Txingudik etxean jokatuko du bihar, martxoaren 7an, Elorriok, Arrasatek eta Urgozok osatutako gEUreA taldearen kontra (16:00). Zaisa Txingudik berriz, Uni Bilbo C bisitatuko du Bilboko Errekalde zelaian, bihar ere, 14:30ean. Bi neurketak ere gogorrak izanen dira, bidasotarren gora egiteko helburua jokoan izanen delako bertan.
Txingudi Rugby Klubeko senior mailako taldeek asteburu gogorra izanen dute oraingoan, aurkari zuzenen kontra jokatzea egokituko zaielako. Emakumeei dagokionez, Biok Txingudik Plaiaundin jokatzeko aukera izanen du bihar, martxoaren 7an, Elorrio, Arrasate eta Urgozok osatutako gEUreA taldearen kontra (16:00). Sailkapeneko hirugarren postuan dagoen taldea da. Euskal Ligan 34 puntu batu dituzte orain artean eta play-offera sailkatzeko borrokan daude. Mugako taldea berriz, denboraldiko lehen garaipena eskuratzera aterako da zelaira, nahiz eta ez den erraza izanen. Hala ere, azken neurketak dituzte hauek gogoan, Hernaniren kontra irabaztear egon baitzen eta La Unicaren etxean ere indarrez azaldu zen. Beraz, bihar lehen puntuak irabazteko helburu garbia izanen dute bidasotarrek.
Zaisa Txingudik Uni Bilbo C bisitatuko du
Gizonezkoei dagokionez, Zaisa Txingudik Bilbora bidaitu beharko du, Errekalde zelaian, Uni Bilbo C taldearen kontra lehiatzeko. Neurketa bihar izanen da, 14:30ean. Urgozoren kontra galdu ondotik, Iñigo Camarero eta Marc Duffrèchek zuzendutako jokalariei zaildu egin zaizkiei igoera fasea jokatzeko aukerak, baina denboraldia ahalik eta hoberen bukatu nahi dute eta hori lortzeko gogor daude. Azken jardunaldietan erakutsitako jokoarekin segitu nahi dute eta hori egiteko aukera ezinhobea dute larunbat honetan.
Aurkari gogorra izanen dute aitzinean, Uni Bilbo sailkapeneko zazpigarren taldea da, baina bere aurretik dauden taldeen kontra gogor borrokatu da, zalantzan jarriz euren indarra. 22 puntu batu ditu guztira orain artean, Txingudik berriz, 34 ditu eta laugarren dago sailkapenean.
14 urtez azpiko taldea Logroño La Riojaren kontra
Harrobiko talde gehienek atsedenaldia izanen dute asteburuan, baina 14 urtez azpikoak lehian izanen dira etxetik urrun. Hain zuzen ere, Logroño bidaiatu beharko dute hauek, bertako La Rioja taldearen kontra lehiatzeko, bihar 10:30ean. Lehen faseko azken partidua izanen da eta emaitzaren arabera, final laurdenetan aurkari bat edo bertze izanen dute, asteburu honetan erabakiko dena.