Txingudiko emakumeek etxeko lehen garaipena eskuratu zuten asteburuan
2026/11/18
Txingudi Rugby Klubeko senior mailako bi taldeek Plaiaundin jokatu zuten asteburuan. Emakumeek azken minutuan lortu zuten garaipena eskuratzea, Uribealdeari 15-14ko emaitzarekin. Gizonezkoen ordea, ezin izan zuen Iruña gainditu eta azkenean, 17-45eko markagailuarekin galdu zuten, sailkapeneko azken postuan kokatuz.
Txingudi Rugby Klubeko senior mailako bi taldeek Plaiaundin jokatu zuten asteburuan eta emakumeek lortutako garaipenarekin borobildu zuten arratsaldea. Euskal Ligako bostgarren jardunaldia zen taldearentzat eta etxeko lehen puntuak eskuratzeko aukera zuten, Uribealdea taldearen kontra. Neurketa parekatu eta gogor bat jokatu zuten eta mugako taldea ezin hobe zelairatu zen, hasi eta berehala markagailuan aitzina hartuz. Miren Fernandezen lortu zituen lehen bi entseguak eta, atsedenaldira bidean, aurkariak aldea murriztu bazuen ere, 10-7ko emaitzarekin irabazten joan ziren aldageletara.
Bigarren zatian, bizkaitarrek gehiago estutu zuten eta markagailua iraultzea ere lortu zuten momentu batean (10-14). Etxekoek ez zuten amore eman eta lanean segitu zuten, berriz ere Fernandezi esker, partidua beraien alde jartzeko eta azkenik, 15-14ko behin-betiko emaitza lortzeko.
Garaipen honekin, etxeko lehen puntuak eskuratu zituen Txingudik eta sailkapenean gora egin du, zazpigarren postuan kokatuz, 8 punturekin guztira. Asteburu honetan atsedenaldia izanen du taldeak eta azaroaren 28an bueltatuko da lehiara, Logroño jokatuko den Riojaren kontrako partiduarekin.
Zaisa Txingudik ezin izan zuen Iruña garaitu
Gizonezkoen senior mailako taldeak ordea, ezin izan zuen denboraldiko lehen garaipena eskuratu Plaiaundin. Bolada txarrean murgilduta daude eta taldea kezkatzen hasia da. Edonola ere, itxaropena badute, larunbatean Iruñaren kontra ongi zelairatu baitziren mugakoak eta markagailua irekitzea ere lortu zuten, André Ferreira eta “Lutxo” Echevarriak lortutako entsegu eta eraldaketari esker (12-0). Aurkariak berriz, segidan lortu zuen emaitza iraultzea eta, hiru entsegu eta bi eraldaketarekin, 12-19ko markagailua ezarri zuen atsedenaldirako.
Bigarren zatian, talde bisitariak puntuak batzen segitu zuen (12-26), baina bidasotarrek ez zituzten besoak jaso eta, neurketaren kontrola berreskuratuta, baita Iruñak jasandako kanporaketa bati esker, entsegua egin zuten Roman Solisi esker, aldea murriztuz (17-26). Edonola ere, hau ez zen nahikoa izan eta Iruñak bere nagusitasun fisikoa baliatu zuen azken minutuetan bertze hiru entsegu eta bi eraldaketa egin eta garaipena eskuratzeko (17-45).
Garaipenik batu gabe, sailkapeneko azken postuan kokatua dago Zaisa Txingudi eta horrela, atsedenaldiari ekinen diote, azaro bukaeran izanen duten partiduari aurre egin ahal izateko. Zornotzan izanen da hau, Urgozoren etxean. Emaitzaz harago, partidako albisterik mingarriena Aitor Asurmendiren lesioa izan zen. Txingudi Rugby Klubak babes osoa eta animo mezua helarazi nahi izan dio jokalariari,
16 eta 18 urtez azpikoen garaipenak
Txingudi, Orereta, Baztan eta Tarazonako jokalariek osatzen duten 16 urtez azpiko taldeak 5-41eko markagailuarekin garaitu zuen Getxo B. Honekin, sailkapeneko laugarren postuan kokatu dira, lehenengo mailako txapelketara sailkatzeko aukeratik hurbil.
18 urtez azpiko Itsasmendi taldeak berriz, 0-34ko emaitzarekin irabazi zuen eta B multzoko bigarren sailkatua da orain.
Honen ondotik, bi talde hauen hurrengo aurkaria Uribealdea izanen da, azaroaren 28an.