Aukeratu gabeko bakardadearen kontra eginen dute laster aurtengo Hondarribiako San Silbestren
Sport Mundik aurten ere San Silbestre lasterketa ospatuko du abenduaren 31n Hondarribian. Hamaseigarren edizioa izanen da eta, betiko moduan, helburu solidarioa izanen du. Lasterketako dortsalekin bildutako diru guztia, Nagusilan elkarteko zilarrezko haria proiektua diruztatzeko balioko du. Aukeratu gabeko bakardade egoeran dauden adineko pertsonak telefonoz artatzeko zerbitzua da, 90 boluntarioek osatzen dutena eta 150 erabiltzaile.
Ohiko ibilbidea izanen da aurtengo Hondarribiako San Silbestrek. Sport Mundi elkarte antolatzaileko Juanan Garcia ordezkariak adierazi duenez, “urteen podeioz sendotu den hitzordua da, tradizioa, kirola eta gizartearekiko konpromisoa uztartzen dituena”. Jai giroan ospatzen den urteko azken kirol hitzordua da eta bere berezitasuna helburu solidarioa duela da: “Lasterketan ematen den pausu bakoitza garrantzitsua den kausa baten alde izanen da. Aurten, adinekoen bakardade ez hautatuaren aurkako borrokaren aldekoa izanen da, hain zuzen ere”. Kirol hitzorduak antolatzen dituen Hondarribiako elkarte honek 25 urte daramatza solidarioak diren ekitaldiak antolatzen eta Afagi, Save the Children, Acabe, Munduko Begiak, Mi dulce guerrero eta Why Not diruz lagundu ditu. Orain Nagusilanen txanda izanen da eta elkarte honentzat izanen da dortsalekin bildutako diru guztia.
Hain zuzen ere, Nagusilan elkarteko zilarrezko haria diruztatuko dute San Silbestrearekin, Arantxa Garin ordezkariak azaldu duenez: “1995ean sortu zen Nagusilan eta, bost urte beranduago, zilarrezko Maria jarri zen martxan, bakardadean daudenei laguntzeko. Gaur egun 150 artatzen ditugu telefono bidez eta 90 boluntariok egiten dute lan hori”. Azken urtean ekimen berezi batzuk ere egin ditu elkarteak proiektu hau ezagutzera emateko. “2024ko urriaren 3an, Miramar Jauregian, maratoi bat egin genuen eta 12 orduz deiak egin genituen. 2025eko martxoan ere sprint bat egin genuen eta 6 orduz aritu ginen bakarrik dauden pertsonak deitzen”, gaineratu du Garinek. San Silbestre bezalako ekimenek proiektua “izugarri” laguntzen dutela aitortu du ordezkariak, batez ere taldeak duen helburua lortzeko bidean: “Bakardadean dauden pertsona horiei arreta ematea, laguntzea eta babestea”.
Arantxa Garinek gain, Lupe Queiruga Hondarribiako Udaleko kirol zinegotziak ere eskerrak eman nahi izan ditu horrelako kirol hitzordu bat herrian antolatzeagatik: “jai giroan ospatzen da San Silbestre eta solidarioa da. Gizartea hobetzeko lan egiten duen elkarte bati laguntzeko izaten da beti eta eskertzekoa da. Aurten Nagusilanentzat izanen da ekarpena eta beraien lana ere eskertu nahi dugu, bai gure herrian, baita orokorrean ere”. Aurkezpen hau aprobetxatu nahi izan du Queirugak ere korrikalari guztiak lasterketan parte hartzera gonbidatzeko eta “ahalik eta ondoen urteari bukaera emateko”.
San Silbestre lasterketan izena emateko, kirolprobak.com webgunean sar daitekeela oroitarazi du Juanan Garciak azkenik. Abenduaren 20ra arte 17 euroko kostua izanen du dortsalak eta, hortik aitzinera, 20 euro ordaindu beharko dira. Dagoeneko 2.000 korrikalari inskribatu dira eta Sport Mundik 2.300eko langa ezarri du, inoizko markarik handiena izanen dena.