Aurredenboraldiko lehen lagunartekoa ospatuko du asteburuan Zaisa Txingudik
2026/09/18
Baztan Menditarrak taldearen kontra ariko da bihar, irailaren 19an, 17:00etan. Norgehiagoka Lekarozen ospatuko da eta aurredenboraldiko prestaketa lanen barrenean kokatutako hitzordua izanen da. Horrez gain, 16 eta 18 urtez azpiko taldeek, larunbat goizean, Iruñean jokatuko dute aurredenboraldiko lagunartekoa bana bertako taldeen kontra.
Aurredenboraldiko lanetan murgilduta dago Txingudi Rugby Kluba. Senior mailako gizonezkoen taldea den Zaisa Txingudik gainera, geroz eta hurbilago du denboraldi hasiera. Aurten ohi baino beranduago hasiko bada ere, dagoeneko aurredenboraldiaren bukaeran dago sartuta. Azken txanpa honetarako, lagunartekoak ditu hitzartuta taldeak, horietako lehena asteburu honetan, larunbatean (irailaren 19an) zehazki. Lekarozera joanen da taldea, Baztan Menditarrak-en kontra lehiatzera, bihar 17:00etan.
Zaisa Txingudik ohiko jokalari batzuk berreskuratu ditu aurtengo denboraldirako. AS Urruñarrak taldean ari zen Roman Solisek eta Stade Hendayaiseko jokalaria zen Gorka Imazek berriz ere kamiseta txuribeltza jantziko dute, azken urteetan Irundik kanpo jokatu ondotik. Hauez gain, Aritz Solanilla, Mikel Genua eta Rafa Sanchez ere, lan kontuek eragindako etenaldiaren ostean, Plaiaundira bueltatuko dira. Bertzetik, 18 urtez azpiko taldetik Aitor Emazabel, Hodei Aizpurua eta Markel Moratinos igo dira senior mailara, eta hauei, Xabi Aguirre eta Julen Erauskin hasiberriak batu zaizkie. Taldearen zuzendaritzan, Iñigo Camarerok eta Marc Duffrèchek errepikatuko dute.
Taldeak badaki dagoeneko zeintzuk izanen diren aurtengo denboraldirako bere aurkariak. Liga ohi baino beranduago hasiko da, urriaren 17an zehazki, eta etxetik urrun. Izan ere, Durango B eta Mutrikuren arteko batasuna izanen den taldearen kontra ariko baitira, euren etxean. Plaiaundin jokatuko duten lehen partidua urriaren 24an izanen da, La Unica Bren kontra. Xabi Sánchez jokalariaren hitzetan “liga hasteko gogoekin gaude, aurten talde polita bildu dugu eta entrenamenduen maila igo da. Lehenengo mailara itzultzeko aukerak ditugu eta zuzen joan nahi dugu zentzu horretan”.
Gazteek ere aurredenboraldiko hitzorduak izanen dituzte
16 eta 18 urtez azpiko taldeek Iruñean jokatuko dute asteburuan aurredenboraldiko partida bana. La Unica taldea izanen dute biak aurkari, bihar, irailaren 19an. Lehenik zaharrenek jokatuko dute, 10:30ean. Ondotik, 12:00etan, gazteenen txanda izanen da.