Helene Tristan hondarribiarra Gazteriaren Joko Olinpikoetara
2026/10/30
Txingudi Rugby Klubeko jokalariak Dakarrera (Senegal) bidaiatuko du hitzordu olinpikorako. 17 urte bertzerik ez ditu Tristanek baina elite mailako errugbian dagoeneko leku bat egin du. Pasa den denboraldian Ordizian kokatua dagoen Errendimendu Handiko Zentroan egon ondotik, Gazteriaren Joko Olinpikoetan Espainia ordezkatzeko zerrendan sartzeko deitu dute orain hondarribiarra. Heldu den astean jokatuko ditu partiduak, Txekiar Errepublikaren, Madagaskarren eta Estatu Batuen kontra.
Helene Tristanek, Txingudi Rugby Klubeko senior mailako taldeko jokalariak Gazteriaren Joko Olinpikoetan parte hartzeko deia jaso du. Heldu den astean Dakarren (Senegal) ospatuko da hitzordu garrantzitsua eta 18 urtez azpiko Espainiako selekzioa osatuko duten hamabi jokalarien artean hautatua izan da hondarribiarra. Selekzioak hiru hitzordu nagusi izanen ditu lehenik, Multzo Fasean, Txekiar Errepublikaren, Madagaskarren eta Estatu Batuen kontra.
Txingudi Rugby Kluba zorioneko dago, bere senior mailako taldeko jokalaria den Helene Tristanek Gazteriaren Joko Olinpikoetan parte hartuko duelako. Hondarribiar gaztearentzat mugarria da hitzordu hau bere ibilbidearentzat, momentu honetan sasoi hoberenean baitago eta etorkizun handia duen jokalaria dela somatzen delako. Orain arte egindako lanaren saria da hau Tristanentzat, lesio batetik berreskuratu berri egonda gainera.
Helene Tristan Txingudiren harrobian hezitako jokalaria da eta talde guzietatik pasatutakoa, 10 urtez azpiko taldetik hasita eta 16 urtez azpikoraino. Orduan jaso zituen Euskadiko Selekzioarekin jokatzeko lehen deiak eta talde horrekin estatu mailako zazpiko errugbiko txapelketan egoteko aukera izan zuen, hirugarren postua lortuz bertan. Ondotik, Ipar Euskal Herriera egin zuen salto, 18 urtez azpiko Entente de la Nivelle taldean aritzeko. Talde berarekin, Frantziako hamarreko errugbi txapeldun bilakatu zen eta Akitania Berriko Selekzioarekin jokatzeko deitu zuten, Frantziako eskualdeen arteko Amicale VI Nations txapelketan.
Hondarribiarrak bere lehen urte horietan izandako bilakaera teknikoari esker, 2025/26 denboraldian, Espainiako Errugbi Federazioak Ordizian kudeatzen duen Errendimendu Handiko Zentroko kide izan zen. Horretan zegoela, belaunean lesio bat eduki zuen Tristanek eta zelaitik kanpo egon behar izan zuen. 2026/27 honetan, Txingudira bueltatu da eta dagoeneko, denboraldi hasiera honetan, belauneko lesiotik erabat berreskuratuta dagoela erakutsi du, maila oso altua erakutsiz jokoan.
Errendimendu hau ez da oharkabean pasatu Espainiako Selekzioarentzat eta horrela, Barbara Plák zuzentzen duen 18 urtez azpiko taldean parte hartzeko deia jaso du urri honetan, taldeak egin duen kontzentraziorako. 2026ko uztailean ere parte hartu zuen horrelako hitzordu batean. Oraingo honetan berriz, elkarrekin egon ondotik, Dakarren ospatuko den Gazteriaren Joko Olinpikoetan parte hartuko duten hamabi jokalarien zerrendan sartu da Tristan eta hara bidaiatuko du heldu den astean.
Txapelketan, Multzo Fasea izanen dute lehenbizi, eta Espainiak Txekiar Errepublikaren (azaroaren 2an, 13:14ean) eta Madagaskarren (azaroaren 2an, 15:10ean) kontra jokatuko ditu lehen faseko bi partidak. Hirugarrena berriz, azaroaren 3an izanen da, 11:46ean, Estatu Batuen kontra. Lehen ligaxkan lortutako postularen arabera, hirugarren egunean zehar, dominak lortzeko edo sailkapena erabakitzeko partiduak jokatuko dira. Tristanentzat berezia izanen da lehiaketa hau, ez soilik Joko Olinpiko batzuetan egoteak erranahi duenagatik, baizik eta txapelketa hasten den egun berean, azaroaren 2an, 17 urte beteko dituelako. Urtebetetze polita izanen da beraz, hondarribiarrarentzat eta urte berria estreinatzeko leku hoberena.
Txingudi Rugby Klubak publikoki zoriondu nahi izan du bere jokalaria mugarri historiko honengatik. Bere bilakaera ez da oharkabean pasatu urte hauetan zehar aldagela eta zelaia berarekin partekatu dutenentzat. Iñigo Aizpuruak, jokalariaren eskolako garaietan Txingudiko harrobiko zuzendaria zenak, oroitarazi duenez, "txikitatik Helene Eskolan hazten ikusteko aukera izatea pribilegio handia izan zen; nabarmena zen zelaian erakusten zuen poza, kalitate handiko joko ikuspegia zuen eta talde osoari lidergoa eta konpromisoa transmititzeko modua".
Zelaian duen eragina nabarmendu du bere taldekide ohiak, Onintza Burgerak: “Bera zelaian dagoenean, badakizu ez zaudela inoiz bakarrik. Dena eta gehiago ematen du, zure indarra da behar duzunean, zure babesa une zailetan eta ahotsa oker zaudenean. Horrelako taldekideak dira errugbia familia bihurtzen dutenak, beti alboan nahi dituzun horietakoa.”
Beñat Bereau 18 urtez azpiko Euskadirekin hautatua
Tristanen deialdia ez da izan Txingudik egunotan jaso duen bakarra. Beñat Bereau hondarribiarra 18 urtez azpiko Euskadiko selekzioarekin jokatzera deitu baitute, Zarautzen ,Gaztela eta Leonen kontra bihar, urriaren 31n, jokatuko duen partidarako. Bereau ohikoa izan da 16 urtez azpiko selekzioaren deialdietan joan den denboralditik, eta ekainean, seven modalitatean Espainiako azpitxapelduna izan zen Valladoliden.
Eskolako taldeak berdegunean arituko dira asteburu honetan
Txingudi Rugbyko senior mailako taldeek atsedenaldia izanen dute asteburu honetan, baina harrobikoek berriz, martxan segituko dute. 14 urtez azpikoei dagokienez, Atletico San Sebastianekin bat egin du aurtengo denboraldirako, eta Aietera joanen da larunbatean, 10:30etik aitzinera, Ordizia eta La Unicaren kontra lagunartekoak jokatzera.
Bertzalde, 10 eta 12 urtez azpiko taldeek, Orereta eta Bera Berarekin batera, igandean jokatuko dituzte euren partidak, 10:00etan, Hernanin, Eibar, Arrasate, Errioxa eta etxeko taldearen kontra.