Biok Txingudik eta Zaisa Txingudik porrot egin zuten asteburuan Plaiaundin
2026/10/27
Emakumeen taldeak 5-40ko markagailuarkein galdu zuen La Unica taldearen kontra. Aurkari bera izan zuen gizonezkoen taldeak eta hauek ere 17-36ko emaitzarekin porrot egin zuten iruindarren aitzinean. Asmatu ezinik aritu ziren bi taldeak asteburuan etxean, baina denboraldi hasiera bertzerik ez denez, lanean segitu eta puntuen bila ariko dira hurrengo jardunaldietan.
Txingudi Rugby Klubeko senior mailako talde bakar batek ere ez zuen garaipenik lortu asteburuan Plaiaundin jokatutako partiduetan. Bi taldeek La Unica izan zuten aitzinean eta ezin izan zuten asmatu iruindarrek proposatutako jokoan. Biok Txingudiri dagokionez, emakumeen taldeak lehen aldiz jokatu zuen larunbatean etxean. Denboraldi hasiera honetan oraindik kanpoan soilik jokatuak zituen neurketak eta Plaiaundi estreinatzeko momentua izan zen. La Unica izan zuen aurrean eta, lehen zatian, ongi zelairatu ziren mugakoak, iruindarren erasoak geldituz eta baloia beraien zelaira eramanez. Hala ere, bisitariek intentsitate handia ezarri zuten elkarguneetan eta baloia azkar mugitu zuten. Horrela, beraien alde jarri zuten atsedenaldira bidean, hiru entsegu lortuz guztira (0-15). Lehen zatiko azken minutuetan ordea, Miren Fernandezek entsegua lortu zuen melé baten ondoren, eta aldea murriztea ekarri zuen horrek, aldageletara 5-15ekoarekin joatea alegia.
Bigarren zatian, emaitza berdintzea zuten helburu etxekoek, baina La Unica fisikoki indartsuagoa zela erakutsi zuen eta bidasotarren defentsan hainbat alditan zulatzea lortu zuen. Bost entsegu segidan egin zituzten iruindarrek eta 5-40eko behin-betiko markagailuarekin irabaztea lortu ere. Denboraldi hasiera honetan, taldeak ez du punturik batu oraindik eta sailkapeneko azken postuan dago, baina hasiera bertzerik ez denez, heldu den asteburuan lehen puntuak lortzeko helburua dute dagoeneko. Asteburu honetan atsedenaldia izanen du taldeak, baina azaroaren 7an bueltan izanen dira, Hernaniren kontra lehiatzeko (Landaren, 17:00).
Zaisa Txingudik ez zuen asmatu iruindarren aitzinean
Zaisa Txingudi senior mailako gizonezkoen taldeak ere porrot egin zuen La Unicaren kontra, larunbatean Plaiaundin. Denboraldi hasiera kaskarrari buelta ematea zen beraien helburua bigarren jardunaldi honetan, etxean jokatzen zuten lehenengoan. Hala ere, La Unica B jaun eta jabe izan zen hasieratik. 18. minuturako 0-12ko emaitza lortua zuen dagoeneko eta ordu erdirako, 0-17koa ere zuten beraien alde. Atsedenaldira bidean, honi buelta ematea izan zen etxekoen nahia eta aldea pixka bat murriztea lortu zuten, Pablo Besgak egindako touch-maul luze baten ostean (5-17).
Bigarren zatiaren hasieran ere nafarrak nabarmendu ziren, entsegu eraldatu bat lortu baitzuten segidan, 5-24koa jartzeko markagailuan. Zaisa Txingudi bere lekua aurkitzen hasi zen eta, “Lutxo” Echeverriaren entseguarekin, 10-24koa eskuratu zuten. Honek indarra eman zion taldeari eta bost minutu beranduago aldea oraindik ere txikiagoa izatea eragin zuen Julen Erauskinek, pase bat moztu baitzuen eta marka egin, Echeverriaren eraldaketarekin gainera. 17-24koa zutenean ordea, La Unicak gogor borrokatu zuen garaipenagatik eta azken hamar minutuetan, bostgarren entsegua eta hirugarren eraldaketa lortu zuen (17-31). Azken jokaldi bat egiteko denbora ere izan zuten eta horrela, 17-36ko emaitzarekin itxi zuten neurketa, aukerarik gabe utzitz etxeko taldea.
Gizonezkoen taldea ere sailkapeneko azken postuan dago kokatuta, puntu bakarrarekin. Asteburu honetan atsedenaldia izanen dute, beraz lan egiteko aprobetxatuko dute, azaroaren 8an izanen duten partiduari begira. Orduan, Uni Bilbo taldea bisitatuko beharko dute mugakoek.
Eskolako taldeen emaitza gazi-gozoak
18 urtez azpiko Itsasmendi taldeak garaipena eskuratu zuen asteburuan Lekarozen jokatutako neurketan. Ordizia izan zuen aitzinean eta, galtzen hasi bazen ere, gai izan zen markagailua irauli eta 31-14ko emaitzarekin irabazteko. 16 urtez azpiko taldeak ordea, ez zuen aukerarik eduki Plaiaundin, Ordiziaren kontra jokatutako partiduan. Hauek 20-48ko emaitzarekin galdu zuten.