Bardeetan korrika eginen dute Santxikorrota lasterketan urriaren 4an, euskararen alde, eta historia gogoan
Agerraldiak, Errigora ekimenaren euskararen sustapenerako elkarteak antolaturik, Arketasen Euskara erdigunera eramatea du helburu Santxikorrota lasterketak. Eneko Yurramendi antolatzaileak luze-zabal azaldu digu nolako dimentsio historikoa duen hitzorduak: Santxo Rota izeneko Kaskanteko errotari baten izena daraman Santxikorrota muinotik abiatzen da kirol froga. XV. Mendean bizi zen pertsonaia hura, euskalduna omen zen, eta liskar baten ondotik muino horretan zegoen behaketa dorre batean ezkutatu zen Santxo Rota.
«Euskaldun bat, Bardeetan, noiznahi korrika ibili behar zena»: Eneko Yurramendirentzat erraza izan zen orain dela hiru urte pertsonaiaren eta egungo Erriberako euskaldunen artean lotura egitea. Hala erabaki zuten Santxikorrota muinaren magaletik hastea lasterketa, eta bukaera berriz, Arketas herrian egitea.
Urriaren 4an bi ibilbide izanen ditu lasterketak: luzea bata, 21,8 kilometrokoa eta 133 metroko desnibelekoa. Motza bertzea, 7,28 kilometrokoa eta 82 metroko goraldikoa. Bukaera Arketasen izanen da, bazkari eta animazio eta guzti. Iaz, herriko txoko batean egin zuten bazkaria; aurten berriz, hainbat ostaturen terrazatan banatuko dira, Euskara herri erdigunera eramateko.
Hendaiatik autobusa, harremanak sendotzeko
Hendaia eta Arketas birazkatuak dira, eta aukera hori probextuz antolatu zuen iaz aurrenekoz Mintzaian elkarteak autobusa. Giro ederra sortu zuten, jendea batu, eta baita sari bat etxeratu ere. Aurten ere, autobusa izanen da: izena emateko +33 6 85 37 98 99 zenbakira mezu bat igortzearekin aski da. Lasterketan izena emateko berriz, agerraldia.eus webgunean sartu behar da, baita bazkarirako ere.