BATeko lau atleta Europako 20 urtez azpiko Txapelketan
Finlandiako Tampere hirian izan dira Bidasoa Atletiko Taldeko lau atleta abuztuaren 7tik 10era bertan ospatu den Europako 20 urtez azpiko Txapelketan parte hartzen. Ander Aramendi, Alaine Aguerralde, Carla A. Martinez eta Alejandro Esteban izan ziren lau atleta horiek eta lan bikaina eginda bueltatu dira etxera.
Ander Aramendik 3000 metroko lasterketaren finalean egotea lortu zuen. Bere seriea 8:23,87ko denboran osatu zuen eta horrek finalean egotea ahalbidetu zion. Lasterketa bikaina egin zuen Aramendik, proba hautsi zuen lehen taldearekin batera, eta lehen postuengatik borrokan. Finalean, mantso aritu ziren atletak eta bata bertzearen ondoan. Azken 1000 metroak lehiatu ziren batez ere, eta irundarrak zortzigarren postua eskuratu zuen azkenik, 8:48,11 minutuko denborarekin.
Alaine Aguerralde berriz, 19. izan zen 400 metroko hesi-lasterketaren finalerdian. Kanporaketan bikain aritu zen Aguerralde eta hirugarren postua eskuratu zuen bere seriean, 1:00,18 minutuko denborarekin. Horrela, finalerdietara pasatu zen eta bertan, zortzigarren postuan bukatu zuen lehia, 1:00,70ko denbora eginez. Sentsazioak ez ziren onenak izan, nahiz eta sailkapen orokorrean 19. postua eskuratu, ezin hobe joan den denboraldia borobilduz.
Carla A. Martinezek bi probetan parte hartu zuen. Indibidualki, 100 metroko lasterketan lehiatu zen eta kanporaketan, hirugarren izan zen bere seriean. Horrela, 12,00 segunduko denborarekin, finalerdietara pasatu zen. Bere marka pixka bat hobetuz, 11,98 segunduan osatu zuen finalerdietako lasterketa eta zortzigarren izan zen bertan, sailkapen orokorrean, 23. postua eskuratuz ere. Bertzalde, 4x100m-ko erreleboetan ere parte hartu zuen Martinezek. Finalerdietara ailegatu zen hemen ere, eta 44,74 segunduko denborarekin, bigarren postua eskuratu eta finalera pasatu zen taldea. Finalean, 44,85 segunduan osatu zuten lasterketa eta azkenik, seigarren izan zen Martinezen taldea.
Azkenik, Alejandro Esteban hamahirugarren izan zen xabalina jaurtiketan. Finalerdietan bostgarren izan zen, 68,75 metro lortuta, eta finalera iritsi zen BATeko atleta. Azken lehia honetan, finalean, 64,91 metro egin zituen Estebanek eta hamahirugarren postua lortu zuen honekin.