Beñat Elzoren omenezko lasterketak itxaropena ekarri nahi du 10garren urtez
Azaroaren 1ean Beñat Elzoren omenezko mendi-lasterketaren 10. edizioa ospatuko dute Hondarribian. Donibane Lohitzune-Hondarribia frogaren ondoren, erdi maratoien atsedena izango da heldu den asteburukoa, hurrengoan ospatuko den Behobia-Donostiara begira. Baina horretan parte hartuko ez dutenek ere, Beñat Elzo zenaren omenez, haren izena daraman mendi-lasterketan parte hartzeko aukera dute, oinez, korrika edota familientzako ibilbidea eginez.
Elzoren senide eta lagunek Sportmundiren laguntzarekin antolatzen duten lasterketa solidarioak, urtero gaixotasun arraro baten ikerketa eta hunitutako gaixoen senideei babesa emateko helburua du. Ekarpen garrantzitsua egiten dute zentzu horretan. Iazko edizioan, adibidez, 20.924 euro bildu ahal izan zituzten ADELES elkartearen alde. Eta 2023an 15.649 euro bideratu ahal izan zituzten Angelman Sindromearen elkartea laguntzeko.
Oraingoan, duela urtebete guraso batzuk sortu zuten ATR-X elkartea laguntzera bideratuko dituzte irabaziak. Desgaitasun intelektuala eragiten duen izen bereko sindrome genetiko bat dela azaldu digu, Hegoi Martinek, elkarteko kide eta ATR-X sindromea duen haur baten aitak. Eta lasterketak ekarriko duen laguntza ekonomikoaz gain, gizartea sentsibilizatu, eta eritasunari ikusgarritasuna eman eta erakunde publikoen arreta pizteko baliagarria izango delakoan dago.
Parte hartzeko aukerak eta dortsalak
Momentuz 900 lagun inguruk izena eman dute Beñat Elzo mendi-lasterketaren hiru ibilbideetan. Goizeko 9:00tan oinezko mendi buelta egingo dute Kirol Kaiatik abiatu eta Talaia bidetik itzulia eginez. Ondoren, 11:00etan 300 bat lasterkari bilduko dituen mendi-lasterketa nagusia izango da. Eta 12:30ean, familientzako ibilbide laburra egingo dute Kirol Kaiaren bueltan.
Urriak 28, astearte honetan itxiko dute prezio murriztuan izena emateko aukera, www.kirolprobak.com plataforman edo Done Pedro Itsasgizonen Kofradiaren dendan, Hondarribiko San Pedro kaleko 14.ean. Dortsalak 15 euroko prezioa dute oinezko ibilbidea egiteko, 20 eurokoa lasterketarako, eta familientzako ibilaldirako, aldiz, 5 eurokoa haurrentzat eta 10 eurokoa helduentzat. Aldez aurretik izena emateko epea behin amaitutakoan, oraindik ere urriaren 29a gauerdira bitartean 30 eurotan egin ahal izango da, baina lasterketaren egun berean ere, 9:00etatik 10:00etara Kirol Kaian ezarriko duten abiapuntuan. Baina azken mementorako ez uzteko gomendatu dute.