Beti Gazte taldeari azken minutuetan egin zion ihes garaipenak
Gipuzkoako Ligan ari den Ohorezko Erregional mailako Beti Gaztek 2-2ko markagailuarekin berdindu zuen, pasa den larunbat eguerdian, Urki taldearen kontra. Lehen ordu laurdenean, guztiz konzentraturik jokatu ondotik, 0-2ko emaitza lortu zuten lesakarrek eta garaipena eskura zuten, nahiz eta denbora gehiegi falta neurketa bukatzeko. Denbora hau izan zen, hain zuzen ere, euren kontra jokatu zuena, baita izandako despiste edo akats txikiek ere, Eibarko taldeak ongi aprobetxatu zituenak. Etxekoek bi gol sartuta, azkenik, jardunaldiko puntuak banatu behar izan zituzten bi taldeek eta zapore gazi-gozoarkein bukatu zuten asteburua Eneko Ferradasen jokalariek.
Etxetik kanpo partidu guztiak zailak izaten direla oroitarazi du berriz ere Eneko Ferradas Beti Gazteko entrenatzaileak, are gehiago igo berri den talde baten kontra, Urkiren kasua dena. “Garaipenak lortzen ari dira eta bagenekien hasieran eta bukaeran ongi enfokatu behar genuela gure lana”, aitortu du entrenatzaileak. Partidua ongi hasi zutela ere onartu du, “entxufatuta eta oinarrizko gauzak ongi eginda”. Zenbait aukera ere izan zituen taldeak lehen ordu laurdenean eta ongi aprobetxatu zituzten Asier Tabernak eta Jon Zabalak, 0-2koa euren alde ezartzeko. Hala ere, zoritxarreko jokaldi batean, Urkik gola sartu zuen eta lesakarren abantaila murriztu zuten atsedenaldira bidean. Ferradasek aipatu duenez, “lehen zati oso ona” egin zuen Beti Gaztek eta “despiste txiki batean” sartu zuen gola aurkariak. Hala ere, 1-2koarekin irabazten joan zen aldageletara Lesakako taldea.
Bigarren zatian berriz, sartutako azken gol horrek Urkiri energia eman ziola somatu zuen segidan Beti Gaztek. Defentsan sendo egoteko momentua izan zen bisitarientzat eta lortu zuten aurkaria gelditzea, ordea golak sartzeko abaguneak ezin izan zituen ongi aprobetxatu. 77. minutuan gainera, zorigaiztoko bigarren momentua ailegatu zen lesakarrentzat. Urkik bigarren gola sartu zuen, Beti Gazteren bertze akats bat baliatuz, eta 2-2ko berdinketa ezarri zuen markagailuan. Lesakarren prestatzaileak onartu zuen “partiduaren amaieran gaizki defendatutako egoerak” egon zirela eta horrela, “puntuek ihes egin” zutela. Sentsazio gazi-gozoekin bukatu zuten asteburuko jardunaldia, “hiru puntuak nahi” zituelako Beti Gaztek eta eskura ere eduki zituelako. Hala ere, “hotzean pentsatuta, lortutako puntua ez da txarra eta sailkapenen postu onetan segitzen” dutela ere adierazi du Ferradasek, goikoetatik hurbil.
Honen ondotik, lanean segituko dute Beti Gazteko jokalariek, urte bukatu baino lehen jokatu beharreko bi neurketetan itxura ona emateko. Garrantzia berezia izanen dituzte bi partidu hauek, Gabonetako atsedenaldira sentsazio onekin joateko batez ere. Horietako lehena igande honetan, abenduaren 14an, jokatuko dute lesakarrek etxean, Mastegin. Tolosa jasoko dute orduan, 16:30ean, eta etxeko zaleen aitzinean puntuak batzea izanen da helburu nagusia.