Mario Capelete: “Bere bertsiorik onenean dago Merida, baina prest gaude”
2026/11/20
Real Unionek, Errege Kopako lehen kanporaketan porrot egin ondotik, AD Merida bisitatuko du igande honetan, azaroaren 22an, 18:15ean. Asteazkeneko neurketa exijentea izan zen taldekideentzat eta nekea nabaria dela aitortu du Mario Capelete hausnarketariak. Hala ere, Ligan zentratuko dira orain, eta bere bertsiorik onenean dagoen taldearen kontra hiru puntuak poltsikoratzen saiatuko dira.
Real Unionek AD Merida bisitatuko du igandean, azaroaren 22an, 18:15ean. Lehen RFEF Mailako hamahirugarren jardunaldia izanen da eta txuribeltzentzat aste zailean jokatuko da, asteazkenean Errege Kopako lehen kanporaketan porrot egin baitzuen Portugaleten kontra. Lehiaketa hortako ametsa zapuzteaz gain, jokalariek nekea nabaritzen dutela aitortu dute klubetik, nahiz eta entrenamendu onak egin dituzten aurkariari aitzin egin ahal izateko.
Mario Capelete Real Uniongo lehen taldeko hausnarketaria izan da gaur prentsaren aitzinean solastatzen aritu dena. Kopaz mintzatu da lehenbizi eta porrota “penaz” hartu zutela adierazi du: “Neurketa gogorra izan zen guretatzat, exijentea. Luzapenera ailegatu ginen eta hori ez da ohikoa guretzat. Penaz hartu genuen porrota, baina orain Ligan konzentratuta gaude eta Meridaren kontrako partidua prestatzen”.
Nekea nabaria da jokalarien artean, astebetean bi hitzordu izatea ez baita ohikoa ezta ere, baina taldeak ongi entrenatu duela azpimarratu du Capeletek: “Intentsitate altu batean entrenatu dugu eta prest gaude partidurako”. Bidaia luzea izanen dute Meridara ailegatu bitarte eta horren ere eragina izanen du ondoko errendimenduan, baina talde ona duela dio hausnarketariak eta garaipena eskuratzen saiatuko direla.
Meridaren inguruan hitz onak bertzerik ez ditu izan Capeletek: “Talde oso ona da eta partidu gogorra izanen da. Merida bere bertsiorik onenean dago orain, joko berriarekin eta indibidualki ere maila oso altuarekin”. Hau jakinda, ahalik eta modu hoberenean prestatu du partidua taldeak, astero bezala, eta beraz, prest dago aurkariak etxean erakusten duenari aitzin egiteko.