Errege Kopako ametsa zapuztu zaio Real Unioni

2026/11/19
Real Unionek 4-1 galdu zuen atzo Portugaleteren kontrako Errege Kopako lehen kanporaketan. Arauzko denbora hutsean berdinduta bukatu zuten bi taldeek, baita luzapena ere. Horrela, penaltietara ailegatu zen neurketa eta bertan, etxeko taldea izan zen gehien asmatu zuena, kanporaketa gaindituz eta talde txuribeltza lehiaketatik kanpo utziz.
Errege Kopako ametsa zapuztu zaio Real Unioni
Club Portugalete 4
1 Real Union Club
Real Unionek 4-1 galdu zuen atzo, La Floridan, Portugaleteren kontrako Errege Kopako lehen kanporaketan. Norgehiagoka penaltietan erabaki zen, arauzko denbora, baita luzapena ere, hutsean berdinduta bukatu ondotik. Etxeko taldea izan zen orduan gehien asmatu zuena eta beraz, beraiek lortu dute lehiaketan aitzinera egitea. Talde txuribeltzari ordea, bertan zapuztu zitzaion ametsa. Portugalete erritmo biziarekin hasi zen etxean jokatzen, jakinda hori zela beraien atzoko abantaila. Lander Emeryk babestutako atera jaurtiketa zuzenak egin zituen talde bizkaitarrak, baina Real Unionek lasaitasunarekin erantzun zion eta, geldiketak eginda, bere jokoa egiten saiatu zen. Poliki-poliki baloiaren jabetza hartu zuten txuribeltzek, baina oraindik ere aukerarik argienak etxekoenak izan ziren. Bisitariek ordea, ongi defendatu zituzten bizkaitarren erasoak eta 0-0eko markagailuarekin ailegatu ziren atsedenaldira. Bigarren zatian, Real Union erasokorrago zelairatu zen eta, Portugaletek arriskua sortzen segitu bazuen ere, arrisku gehiago sortu zuen Ramses Gilen taldeak. Portugaleteren bertze abagune garbi baten ondotik, bisitariek erreakzionatu eta, Paul Alvarezen bitartez, burukada batez erantzun zuten, zutoinaren ondotik kanpora joan zen jaurtiketa. Denbora agortzen ari zela ikusita, bi taldeak erasora gogor jo zuten, nahiz eta bakar batek ere ez zuen asmatu eta markagailua mugitu gabe bukatu zen arauzko denbora. Luzapenean bikain aritu zen talde txuribeltza eta Ander Martinek izan zuen bere oinetan aukerarik hoberena, nahiz eta zutoinera joan eta kornerrera bidali baloia. Edonola ere, etengabe aritu zen Real Union Portugaleteren arean jokatzen eta bere nagusitasuna erakutsi zuen minutu guztietan. Galarzak ere sortu zuen bertze abagune bat, Ekain Azkuneri alboko pasea emanda, baina honek behartuta hartu zuen baloia eta errematea langatik goiti joan zen. Hortik aitzinera, Portugaletek sortu zuen arriskua, baina honek ere ez zuen asmatzen jakin. Azkenik, neurketa penaltietara pasatu zen eta hor nagusitu zen etxeko taldea, lautan asmatuz. Real Unionek behin sartu zuen baloia ate barrenera, eta beraz, 4-1eko behin-betiko emaitzarekin, bizkaitarrak izan dira lehen kanporaketa gainditu dutenak eta Errege Kopan aitzinera eginen dutenak. Txuribeltzei ordea ametsa bertan behera gelditu zaie, nahiz eta lanean segituko dute Lehen RFEF Mailan, heldu den urtera begira ibilbidea errepikatu eta hobetzeko.