Beti Gaztek berdinketa batekin bukatu du denboraldia Mastegin
2026/05/26
Ohorezko Erregional mailako Lesakako taldeak 1-1eko emaitzarekin bukatu zuen denboraldiko azken jardunaldia Bergararen kontra. Mastegin jokatu zuten azken partidu hau eta garaipena eskura izan bazuten ere, puntuek ihes egin zieten bukaeran. Hala ere, etxean aritzeak, etxeko zaleen aitzinean, entrenatzaileak eta zenbait jokalari agurtzeko baliagarria izan zen lesakarrentzat.
Gipuzkoako Ligako Ohorezko Erregional mailako denboraldiko azken jardunaldia jokatu zuen, pasa den larunbat arratsaldean, Beti Gaztek Mastegin. Bergara izan zuen aitzinean eta 1-1eko emaitzarekin bukatu zen partidua. Giro beroa zen nagusi eta horrek jokatzeko modua baldintzatu zuen, Eneko Ferradas entrenatzaileak aitortu duen moduan: “Giroak eta tenperatura altuak partidua markatu zuen, baita bi taldeek helburuak erdietsita edukitzeak ere. Ez Beti Gazte, ezta Bergara ere, ez ziren eroso egon lehen zatian. Zelaia lehorra zegoen, bero handia eta ez zen egun erraza izan”. Hala ere, etxeko taldea “serio” aritu zela ere azpimarratu du prestatzaileak. “Bizpahiru despiste izan genituen, baina ongi defenditu genituen. Aukerak ere izan genituen, nahiz eta ez genuen lortu horiek aprobetxatzea”, gaineratu du.
Bigarren zatiari begira, “detaile txikietan erreparatu” behar zutela hitz egin zuten eta horrela, gola ailegatuko zela. Erran eta egin, bigarren zatia hasi eta minutu gutxira lortu baitzuek Beti Gaztek 1-0ekoa ezartzea, Mattinen golari esker. Horren ondotik, “bizpahiru aukera garbi” ere eduki zituen taldeak, baina horiek ez ziren atea barrura sartu. 72. minutuan ordea, ezbeharra gertatu zen: “Iker Agirretxeri bigarren txartel horia atera zioten eta horrek partiduaren bukaera markatu zuen guztiz”. Bat gutxiagorekin gelditu ziren etxekoak eta hori aprobetxatuz, defentsan akats baten ondorioz, Bergarak gola sartu eta neurketa berdindu zuen, norgehiagoka bukatzeko bi minutu gelditzen zirenean.
Horrela, puntuak banatuz bukatu zuten denboraldia lesakarrek. Hala ere, maila mantentzeko helburua lortuta, pozik eta sentsazio onekin bukatu zuten. Etxean jokatzeak ere agurrak behar bezala egiteko tartea hartzea ahalbidetu ziren, tartean aurtengo entrenatzaileei. Eneko Ferradasek eta Ander Urangak Beti Gazte utziko dute eta beraz, beraiei eskerrak emateko aprobetxatu zuten jokalariek.