Beti Gaztek berdinketa on bat eskuratu du Oiartzunen kontra

2026/04/23
Atsedenaldi luze baten ondotik, Gipuzkoako Ligan ari den Ohorezko Erregional mailako Beti Gaztek 1-1eko emaitza lortu zuen atzo Oiartzunen kontra. Neurketa berezia zen lesakarrentzat arrazoi desberdinengatik. Aurkaria mugakidea izanda, derbi bat baitzen atzokoa eta derbi gogorra, gainera, Oiartzun Hirugarren RFEF Mailan egoteko borrokan dagoelako. Horrez gain, Lesakako taldeak bere milagarren partidua jokatzen zuen kategoria berean, 1985/86ko denboraldian lehen aldiz igoera lortu zuenetik.
Beti Gaztek berdinketa on bat eskuratu du Oiartzunen kontra
Oiartzun KE 1
1 Beti Gazte KJKE
Gipuzkoako Ligan ari den Ohorezko Erregional mailako Beti Gaztek 1-1eko emaitzarekin berdindu zuen atzo Oiartzun KEren kontra. Lesakako taldeak bere milagarren partidua jokatu zuen maila horretan, Karla Lekuona zelaian, eta ontzat eman zuen bertan ateratako puntua, atsedenaldi luze baten ondotik lortutakoa delako eta ez nolanahiko aurkariaren kontra, baizik eta Hirugarren RFEF Mailara igotzeko borrokan dagoenaren kontra izan zelako. Partidu berezia jokatu zuen atzokoan Beti Gaztek. Izan ere, bere milagarren partidua jokatu zuen Ohorezko Erregional mailan, garai batean Preferente maila izendatutakoa. Lesakako taldeak 1985/86 denboraldian lortu zuen lehen aldia kategoria hontara igotzea eta geroztik, jeitsierak eta igoerak izan baditu ere (Erregionalera jeitsi zen eta Hirugarren RFEF Mailan aritzea ere lortu zuen 2021/22 denboraldian), gaur egun Ohorezko Erregional maila berean segitzen du eta mila partidu ere jokatu ditu bertan. Hau ospatzeko aurkari ezin hobea egokitu zitzaion Beti Gazteri, bere mugakidea den Oiartzun. Derbia gogorra aurreikusten zen, etxeko taldea Hirugarren RFEF Mailara igotzeko play-offetan sartzeko borrokan dagoelako murgildura. Horrez gain, atsedenaldi luze bat izan dute Ligan eta horrek ere zalantzak sortu zituen, lesakarren artean batez ere. Neurketa hasiera beraz, horrelakoa izan zen, zaila eta desegonkorra. Oiartzunek lortu zuen aitzina hartzea, lehen ordu erdia ailegatzear zela, 1-0ekoa ezartzeko aukera ongi aprobetxatu baitzuen Mikel Aramburuk. Bigarren zatian berriz, lesakarrek euren lekua bilatu zuten, baita aurkitu ere eta joko egokiagoa erakutsi zuten, Jon Zabalak partidua berdindu zuen arte. Jokalariak denboraldi honetako bere hamabostgarren gola sartu zuen eta horrela, kategoriako golegile nagusia izaten segitzen du. Garaipenaren bila segitu zuten bisitariek eta lortzear ere egon ziren azken minutuetan, neurketaren kontrola eduki baitzuten orduan. Jokaldi polemiko bat ere izan zen tartean, eta Oiartzun bat gutxiagorekin gelditzeko arriskuan egon zen, nahiz eta epaileak ez zion txartel gorririk atera eta beraz, aitzinera segitu zuten hasieran bezala. Azken minutuetan, etxekoen arean jokatu zuen gehien bat Beti Gaztek, baina ezin izan zuen bigarrena sartu eta beraz, 1-1eko behin-betiko berdinketarekin bukatu zen jardunaldia, ontzat emanda lortutako puntua. Emaitza honekin, puntu bat gehiago batu du Beti Gaztek sailkapenera eta orain, 34 puntu ditu guztira, sailkapeneko hamaikagarren postuan kokatuz. Jeitsiera postuetatik bederatzi puntuetara dago momentu honetan beraz, maila mantentzeko lehian ongi kokatua dago, denboraldia bukatzeko bortz jardunaldi bertzerik ez direnean falta. Horietatik lehena igande honetan bertan jokatuko dute lesakarrek, apirilaren 26an, Mastegin. Urki hartuko du horretarako, 17:00etan.