Beti Gaztek laugarren garaipena segidan lortu du
2026/11/03
Lesakako taldeak Añorga garaitu zuen, pasa den larunbatean Rezolan. 1-2ko markagailuarekin, maldan gora jarri zitzaien partiduari buelta ematea lortu zuen Beti Gaztek eta horrela, laugarren garaipena segidan lortu. Hiru puntu gehiago poltsikoratuta, dinamika onean daudela erakutsi zuten bertan, eta sailkapeneko seigarren postuan kokatu dira, aitzinetik dauden Oiartzun eta Beasainekin puntuetan berdinduta.
Gipuzkoako Ligako Ohorezko Erregional mailako Beti Gaztek laugarren garaipena segidan lortu zuen, pasa den larunbatean, Añorgaren kontra. Neurketa zaila izanen zela aurreikusi zuten lesakarrek, aurkaria Hirugarren RFEF Mailatik jaitsi berri den taldea delako. Horrez gain, Asier Salguero entrenatzaileak jakinarazi duenez, Rezola zelaiak berezitasunak dituelako: “Dimentsio aldetik, mailako zelai txikiena da eta horrek konzentrazio handia eskatzen du”. Neurketaren baldintzak eskatzen zutenera egokitu zen, hala ere, Beti Gazte eta hasieratik joan zen puntuen bila.
Lehen zatian, partidu parekatu bat jokatu zutela onartu du Salguerok eta “tentsio” puntu batekin, “edozein momentutan aurkariak gola sartu dezakeelako”. Eta horrela izan zen, lesakarrek lan txukuna egin zuten, baina gola sartu zuena Añorga izan zen eta 1-0ekoarekin, bisitarien garaipena zalantzan jarri zuen. Edonola ere, Beti Gaztek ez zuen amore eman eta, aldageletara joan baino lehen, markagailua berdindu zuten Pape Diopen eskutik.
Bigarren zatian indartsu zelairatu zen Lesakako taldea eta, neurketa bukatzeko ordu erdi falta zenean, Aritz Lizarrondok bigarren gola sartu eta aitzinetik jarri zuen Beti Gazte. Oraindik aunitz falta zen garaipenean sinesteko, baina horrela egin zuten, “sufrituz” izan bazen ere. Gol gehiago sartu edo jaso gabe, horrela, 1-2koarekin bukatu zen partidua, lesakarren alde eta sentsazio onekin bueltatu ziren etxera: “Partidu oso txukuna egin genuen. Dinamika oso onean gaude eta, beste behin, buelta eman genion emaitzari. Hori oso seinale ona da”.
Dinamika on horri segida eman nahi diote orain. Dagoeneko lau garaipen segidan lortu dituzte eta bostgarrena ere nahi dute lesakarrek. Horrela dio entrenatzaileak ere, “gustura gaude eta dinamika hau gehiago luzatzen saiatuko gara”. Hori egiteko hurrengo aukera igandean, azaroaren 8an, izanen dute, Zarautzen kontra jokatuko duten neurketan (12:00etan Asti zelaian).
Hondarribiak puntu bat atera zuen Oiartzunen kontrako partidutik
Maila berean, Hondarribiak 2-2ko markagailuarekin berdindu zuen Oiartzunen kontra. Hauk ere maldan gora jarri zitzaien partidua bisitariek sartutako bi golen ondotik. 0-2koarekin galtzen ari ziren, bigarren zatiaren hasieran, baina horrek kikildu beharrean, etxekoak gora etortzea eragin zuen. Horrela, Julen Sirventek eta Galder Goikoetxeak sartutako golei esker, emaitza berdintzea lortu zuten hondarribiarrek eta jardunaldiko puntuak banatzea. Behetik gora egindako partidua izan zen beraz, eta berriz ere dinamika onean sartzeko bidean daudela sentitu zuten jokalari eta teknikariek. Heldu den asteburuan, Tolosa bisitatuko dute hauek, igandean ere, 11:30ean.