Beti Gaztek denboraldiko lehen garaipena eskuratu zuen Mastegin Ordiziaren kontra

2026/09/29
Iosu Zubietak bortzgarren minutuan sartutako golari esker irabazi zuen Lesakako taldeak. Hurrengo 85 minutuetan defendatzea egokitu zitzaien, markagailua bere horretan mantentzeko, baina gai izan ziren hori egin eta lehen hiru puntuak poltsikoratzeko. Horrela, sailkapeneko hamabigarren postuan kokatu da Beti Gazte, indarberrituta.
Beti Gaztek denboraldiko lehen garaipena eskuratu zuen Mastegin Ordiziaren kontra
Pozik bukatu zuten asteburuko jardunaldia Gipuzkoako Ligan ari diren Ohorezko Erregional mailako Beti Gazteko gizonezkoek. Izan ere, denboraldi hasiera honetan lortzen duten lehen garaipena erdietsi zuten, Ordiziaren kontra, Mastegin. Etxeko zaleen aitzinean, hainbertze desio zituzten hiru puntuak poltsikoratu zituzten, denboraldiko lehenak, eta indarberrituta bukatu zuten asteburua. Lehen minutuetatik nabarmendu ziren lesakarrak, izan ere, bortzgarren minutuan lortu zuten markagailuan aitzinetik jartzea. Iosu Zubietak sartu zuen lehen gola eta bere horretan mantendu zuten emaitza neurketa bukaera bitarte. Parekatua egon zen partidua, Ordiziak ere lehen garaipena eskuratzeko gogoz aritu baitzen. Hala ere, aukera gehienak etxekoenak izan ziren, 2-0ekoa jartzeko abagune bat baino gehiago izan baitzuten. Edonola ere, baloiak ez ziren sartu eta 1-0ekoarekin gelditu ziren, pozik sailkapena estreinatu zutelako. Hiru punturekin, hamabigarren postuan kokatu da taldea orain, motibazioz betea heldu diren erronkei aitzin egiteko. Heldu den astean, Urola bisitatuko du Beti Gaztek, larunbatean (urriaren 3an) 16:00etan, Mitxel Badiola zelaian. Maila berean, Hondarribiak hutsera berdindu zuen Zarautzekin, denboraldiko lehen berdinketa erdietsiz. Punturik galdu gabe segitzen dute hondarribiarrek eta hirugarren postuan kokatuak daude, zazpi punturekin guztira. Hauek, heldu den asteburuan, etxean jokatuko dute eta Ondartza jasoko dute Orioko, larunbatean ere, 16:30ean. Baztan-Bidasoaldeko bertze taldeen emaitzak Gipuzkoako Ligan ari diren taldeekin segitzeko, Gure Txokoako Gorengo Erregional mailako emakumeek estreinaldia egin zuten Matzadan. 23 urteren ondotik, klubak emakume seniorren taldea zelairatu zuen eta ez nolanahi gainera, 5-3 garaitu baitzuten Hondarribia. Erregional Lehen mailako gizonezkoek berriz, bana berdindu zuten Landetxarekin. Nafarroako Ligan berriz, Hirugarren RFEF mailan, Doneztebek hiruna berdindu zuen Huarterekin. Gizonezkoen Lehen Maila Autonomikoan berriz, Baztanek ligako jardunaldia gibeleratu zuen Calatayuden kontrako Errege Kopako aurre faseko joaneko partidua jokatzeko, 2-0 galdu zuena. Azkenik, Erregionaleko Lehen mailan, Baztan Bk 4-7 garaitu zuen Alsasua B, eta Doneztebe Bk hiruna berdindu zuen Belosorekin.