Beti Gaztek ezin izan zuen Zarautz sailkapeneko liderra garaitu

2026/11/10
Partidu ona egin arren, eta zati handi batean beraien arean jokatu arren, Lesakako taldeak 2-0 galdu zuen Zarautz sailkapeneko liderraren kontra. Aukerak izan zituzten berdeek, baina ez zuten atean asmatu. Etxekoek ordea, Asti zelai naturalak aurkariarengan eragiten duen deserosotasuna aprobetxatuz, bi gol sartu eta hiru puntuak poltsikoratu zituen.
Beti Gaztek ezin izan zuen Zarautz sailkapeneko liderra garaitu
Zarautz KE 2
0 Beti Gazte KJKE
Gipuzkoako Ligako gizonezkoen Ohorezko Erregional mailan, Beti Gaztek 2-0 galdu zuen Zarautz sailkapeneko liderraren kontra. Partidu lehiatua izan zen eta lesakarren maila ona eman zuten. Hala ere, ez zen nahikoa izan etxeko taldea garaitzeko. Atean asmatu ezinik ibili ziren bisitariak, nahiz eta aurkariaren arean jokatu gehien bat. Zarautzek ordea, ongi aprobetxatu zituen sortutako aukerak eta bi gol sartuta, jardunaldiko hiru puntuak poltsikoratu zituen. “Exijentzia handiko partidua izan” zela aipatu du Asier Salguero Beti Gazteko entrenatzaileak. Hainbat faktore zituen hitzorduak horrela izateko: Zarautz liderra zela, kanpoan jokatu behar zutela lesakarren eta Asti zelaia belar naturalekoa dela. Horrek guztiak neurketa “baldintzatu” zuela aitortu du prestatzaileak. Hala ere, egoera horretan “oso ondo ibili” zirela ere azpimarratu du eta “partidu txukuna” egin zutela. Lehen zatian aukera garbi bat eduki zutela ere gaineratu du Salguerok, baina ez zutela asmatu. Atsedenaldira bidean ordea, etxekoek gola sartu zuten eta 1-0ekoarekin joan ziren aldageletara. Bigarren zatian jarrera berarekin zelairatu zen Beti Gazte, “iniziatiba eramaten eta zati oso ona egin” zutela ere onartu du entrenatzaileak. “Aukera garbi bat eduki genuen, beraien arean jokatzen ari baikinen, baina ez genuen partidua berdindu”. Azken minutuetan neurketa guztiz erabaki zuen gola sartu zuen Zarautzek, lesakarrek “erasoa moztu gabe” utzi zutela aprobetxatuz. Horrela beraz, 2-0eko behin-betiko markagailuarekin bukatu zen hitzordua, hiru puntuak Astin utziz. Lesakako taldeak penaz hartu zuen porrota, baina pozik zeuden emandako mailarekin: “Orain arteko dinamika mantendu genuen. Galdu egin genuen eta ez gaude guztiz pozik, baina ondo aritu ginen eta harro gaude”. Dinamika honi segida emateko eta merezitako puntuak batzeko aukera izanen du Beti Gaztek Mastegin. Heldu den igandean, azaroaren 15ean, Mondragon hartuko baitu hor, 16:30ean.