Ramses Gil: “Bertze erronka bat da hau eta orain arte gertatutakoak ez du zerikusirik bertan”
2026/11/13
Real Unionek Cultural y Deportiva Leonesa jasoko du bihar, azaroaren 14an, Stadium Galen (16:30). Azken bi neurketetan porrot egin ondotik, talde txuribeltzak hiru puntuak poltsikoratu nahi ditu orain etxean, etxeko zaleen aitzinean. Horretarako gogoz badaude ere, kontuan hartu beharko dute futbol profesionalean egon nahi duen taldea etorriko dela eta lehia ez dela erraza izanen. Edonola ere, prest daude horri aitzin egiteko.
Real Unionek Cultural y Deportiva Leonesa jasoko du bihar, azaroaren 14an, Stadium Galen (16:30). Denboraldiko hamabigarren jardunaldia izanen da eta helburua etxeko zaleen aitzinean garaipena eskuratzea. Azken bi neurketetan porrot egin du talde txuribeltzak eta orain, hiru puntuen beharretan dago. Hori lortzea ordea, ez da erraza izanen, aitzinean izanen duen taldeak igotzea duelako aurtengo helburu nagusia. Hala ere, prest dago Ramses Gilen taldea horri aitzin egiteko.
Cultural y Deportiva Leonesa etorriko da bihar Galera, jeitsi berria den taldea, eta berriz ere Bigarren Mailan egon nahi duena. Edonola ere, denboraldi hasiera honetan, ez da nahi bezalako emaitzak biltzen ari eta, momentu honetan, Real Unionen gibeletik dago sailkapenean, puntuetan berdinduta. Ramses Gil entrenatzaileak erran duenez, “hor garbi ikusten da mailan dagoen parekotasuna. Denboraldi hasieran, 8-10 bat talde izaten dira faboritoak, baina lehen postua bakarra da eta zaila da bertan egotea”. Momentu zailak bizitzen ari da Leongo taldea, txuribeltzek bezala: “Bi neurketa galtzen dituzu eta behera zoaz. Aldiz, irabazten badituzu, goiko postuetan kokatzen zara segidan. Momentu txarrak bizitzen ditugu talde guztiak eta horregatik, espektatibarik gabe egoten saiatzen naiz. Ezin dugu poz handiegirik izan, ezta drama handiegirik egin. Erregularrak izatea da helburua”.
Gauza handirik espero gabe beraz, jokatuko du Real Unionek biharko partidua, zenbait jokalari berreskuratuz deiraldirako, nahiz eta Urtzi Albizua galduko duten oraingoan. Edonola ere, “entrenamendu onak” egin dituztela azpimarratu du Gilek eta “gogoz” daudela neurketarako: “Plantillarekin oso pozik nago, uste dutelako edozeinen kontra irabazteko gai direla. Puntu gehiago izan genezakeen, denek nahi dugu gauza bera, baina horrekin segitu behar dugu, etorkizunari positiboki aitzin eginez”.
Horrela beraz, eginen diote aurre CyD Leonesari, entrenatzailez aldatu beharri duen taldeari. Gilek dio hori dela biharko hitzorduaren inguruan ez dakiten bakarra: “Ez dakigu nolako jokoa proposatuko duten; ea berdin segituko duten edo filialarekin duten jokamoldea ekarriko duten. Hala ere, ez da hain desberdina izanen”. Horrez gain, zenbait jokalari minduta dituzte talde bisitarian eta horrek, agian, eragin positiboa izan dezake etxekoentzat. Edonola ere, betiko moduan, hori ez dela aitzakia izanen argi du entrenatzaileak eta beraz, dena eman beharko dutela hiru puntuak poltsikoratu ahal izateko.