Beti Gaztek eta Gure Txokoak maila ona erakutsi zuten asteburuan

2025/12/02
Lesakarrek banako berdinketa erdietsi zuten etxean, Oiartzunen kontra. Beratarrek berriz, 1-2ko markagailuarekin garaipena eskuratu zuten Sporting de Herreraren aitzinean. Sailkapenera puntuak batuta, pozik bukatu zuten bi taldeek asteburuko jardunaldia, maila ona erakutsi zutelako eta zituzten helburuak ere lortu zituztelako.
Beti Gaztek eta Gure Txokoak maila ona erakutsi zuten asteburuan

Gipuzkoako Ligan ari diren Bortzirietako bi futbol talde nagusiek maila ona erakutsi zuten asteburuko jardunaldietan. Ohorezko Erregional mailako Beti Gaztek 1-1eko emaitzarekin berdindu zuen igande arratsaldean, Mastegin, Oiartzunen kontra. Erregional Lehen mailako Gure Txokoak berriz, 1-2ko markagailuarekin garaitu zuen egun berean Sporting de Herrera. Maila ona ematen ari dira bi taldeak aurtengo denboraldian, eta oraingo honetan ere, astean zehar lan ona egiten ari direla berretsi zuten zelai desberdinetan. 

Beti Gaztek Oiartzun jaso zuen etxean, pasa den igande arratsaldean. Eneko Ferradas entrenatzaileak onartu duen moduan, lesakarrek bazekiten aitzinetik “partidu zaila” izanen zela, oiartzuarrek talde ona dutelako. Hala ere, “partidua oso ongi” sartu zirela ere adierazi du entrenatzaileak. Lehen minutuetan ordea, akats bat izan zuen etxeko taldeak eta bisitariek ongi aprobetxatu zuten hori 0-1ekoa ezartzeko. Lanean segitu zuten lesakarrek eta lehen zatiko azken minutuetan taldeak gora egin zuen: “Lehen zati oso ona egin zuen taldeak. Defentsiboki ez genuen sufritu eta gure aukerak ere izan genituen, bukaeran batez ere. Horietako batean Asier Tabernak lortu zuen 1-1ekoa. Azken hamar minutuetan beste bi aukera garbi sortu genituen, baina ez ziren sartu. Pena izan zen, 2-1ekoak lagunduko zigulako, baina 1-1ekoarekin iritsi ginen atsedenaldira”. 

Bigarren zatian, lan on hau errepikatzeko asmoa zuen Beti Gaztek eta lortu ere. Ferradasek aitortu duenez, “nagusitzen” joan zen etxeko taldea eta “aurkariaren atera iristen”. Hala ere, ez ziren fin ibili eta ez zuten gol gehiagorik sartu, nahiz eta aukerak eduki horretarako. Aurkariak ere abaguneak aprobetxatu gabe gelditu ziren eta beraz, berdinketarekin bukatu zen neurketa. Prestatzaileak ontzat eman du lortutako puntua, taldeak egin zuen lana goraipatu duen bitartean: “Partidu oso ona egin zuen taldeak, esfortzu handikoa eta oso serioa. Berdinketa ez da txarra, nahiz eta helburua garaipena izan. Taldeak oso maila altua eman du azken hiru asteetan eta horrekin gelditu behar gara.  Maila hobetu dugu eta puntua garrantzitsua izan da guretzat”. Orain, puntu hau balioztatzeko, heldu den asteburuko partiduan garaipena eskuratzea izanen da helburu nagusia. Beti Gaztek Urki bisitatuko du Eibarren, heldu den larunbatean, abenduaren 6an, 12:00etan. 

Gure Txokoak bertze garaipen bat erdietsi zuen 

Erregionaleko Lehen mailako Gure Txokoak Sporting de Herrera garaitzea lortu zuen, 1-2ko markagailuarekin. Mikel Esnaola entrenatzaileak dioenez, “sailkapenean goian egoteko aukera bakarra partidu guztiak irabaztea da eta hau zen lehenengoa. Zorionez lortu genuen”. Beratarrak, aitzinetik zituzten lesioez gain, bertze hiru bajekin joan ziren Donostiara asteburuko jardunaldia jokatzera. Hala ere, lehen urteko hiru jokalarik behar bezalako maila eman zuten bertan, garaipena eskuratzeko. Gure Txokoak lehen minutuan lortu zuen aitzinetik jartzea eta hiru jokalari horietako biri esker lortu zuen: “Amaiur Goñi ezkerraldetik sartu eta gibelera pasatu zion baloia Unai Etxegarairi. Azken honek ssartu zuen gola eta 0-1ekoa jarri zuen lehen minutuan. Hamaikakoan egotera hain ohituratuak ez dauden bi jokalari dira eta arront kontent gelditu ginen beraiek egindakoarekin”. 

Hortik aitzinera, garaipenaren bidea ez zen erraza izan beratarrentzat, “zelaia bizia” baitzen Esnaolaren erranetan, eta euren “jokoa egitea kosta” zitzaien. Hala ere, aurkariak baina gehiago izanda, “gehiegi sufritu” gabe segitu zuten lanean eta etxekoek gola sartzeko aukerak izan bazituzten ere, “orokorren kontrolpean" eduki zuten beratarrek partidua. Horrela, bigarren zatian ailegatu zen hauek bigarren gola, berriz ere Etxegaraiek sartu zuena. Hurrengo minutuetan, “lasaitu” egin zen Gure Txokoa eta kontrako gola jaso zuten orduan, 1-2koa. “Tentsioa” egon zen azken minutuetan, baina Sporting de Herrerak ez zuenez aukera garbirik sortu, “gehiegi sufritu gabe” garaipenarekin bukatu zuen Mikel Esnaolaren taldeak neurketa. Berak adierazi bezala, “garaipena lortzea zen helburua eta lortu genuen”. Honen ondotik, asteburu honetan atsedenaldia izanen dute mailako taldeek eta abenduaren 14an berriz ere martxan jarriko dira beratarrak etxean jokatuko duten Amara Berriren kontrako partiduarekin.