Beti Gaztek hirugarren aldiz segidan egin du porrot
2026/02/03
Euskalduna Andoaindarra jaso zuen etxean, Mastegin, larunbatean eta 0-2ko markagailuarekin puntuak galdu zituen bertan. Gure Txokoak berriz, hutsera berdindu zuen Antigua Luberrirekin eta bertze puntu bat batu zuen sailkapenera, neurketa parekatu bat jokatu ondotik.
Bortzirietako futbol talde nagusi bakar batek ere ez du garaipenik lortu asteburuan. Alde batetik, Gipuzkoako Ligako Ohorezko Erregional mailako Beti Gaztek 0-2 galdu zuen, pasa den larunbatean Mastegin, Euskalduna Andoaindarra taldearen kontra. Bertzetik, Erregional Lehen mailako Gure Txokoak bertze berdinketa bat erdietsi zuen, Antigua Luberrirekin hutsera berdindu ondotik.
Beti Gaztek burumakur segitzen du aste honetan ere, hirugarren aldiz segidan egin baitu asteburuan porrot. Mastegin jaso zuen larunbatean Euskalduna Andoaindarra eta 0-2ko markagailuarekin galdu zuen bertan. Helburu gabria zuen taldeak, azken asteetan lehiatu ezinik ibili ondotik: “Animoak berreskuratu eta lehiakorrak izan hasieratik”. Hala ere, Eneko Ferradas entrenatzaileak aitortu bezala, taldeak “ez zuen hori bete zoritxarrez”. Neurketa hasieran lesakarrak ez ziren ongi kokatu eta Euskaldunak ongi aprobetxatu zuen egoera lehen gola sartzeko. “Gol horrek min egin zigun. Falta bat gaizki defendatu genuen eta kornerra iritsi zen. Hori ere ez genuen ongi defendatu eta gola sartu zuten”, adierazi du prestatzaileak. Ondotik, “aukera pare bat sortzeko gai” izan ziren etxekoak, baina asmatu ezinik ibili ziren eta 0-1ekoarekin joan ziren bi taldeak atsedenaldira.
Bigarren zatian, “larrituta” jokatu zutela azpimarratu du Ferradasek. “Erasoan ez genuen bide aproposean aukeratu eta beraiek, kontraeraso batean, 0-2koa jarri zuten”, gaineratu du. Hortik aitzinera, gehiegi arriskatu gabe jokatu zuten lesakarrek eta ez ziren gai izan markagailua iraultzeko, Euskaldunari garaipena oparituz. Entrenatzaileak onartu du ez zutela partidu batere ona egin: “Taldearekin hitz eginda, oinarrizko betebeharrak ez genituela bete onartu behar dugula argi dago. Maila honetan, hori egiten ez badugu, partiduak berdintzea ere zaila da. Momentu honetan, asmatu ezinik ari gara eta hori ezin da gehiago errepikatu, urteko helburuak bete nahi baditugu”. Ferradasek ordea, taldearengan konfidantza du eta sinetsirik dago dinamika txar honi buelta eman diezaieketela: “Taldea sudfritzen ari da, baina baditugu baliabide nahikoak egoerari buelta emateko. Autokritika egin behar da, lehena nik, eta hortik aurrera lanean segitu behar dugu burua jeitsi gabe. Egoera aurrera aterako dugu denen artean, ziur nago”. Hori egiteko aukera heldu den igandean, otsailaren 8an, izanen dute Mojategin, Mondragonen kontra (16:30).
Gure Txokoak bertze berdinketa bat lortu zuen
Erregional Lehen mailako Gure Txokoak aldiz, hutsera berdinduta bukatu zuen Antigua Luberriren kontrako igoera faseko bigarren jardunaldia. Bertze puntu bat bildu zuten honela, sailkapenerako eta Mikel Esnaola entrenatzaileak adierazi bezala, ontzat eman zuten puntua. Neurketa “berdindua” jokatu zutela onartu du prestatzaileak: “Eurek gol hagitz guti jasotzen dituzte, lehen fasean lau bakarrik jaso zituzten eta partidua gogorra izanen zela bagenekien”. Halaxe izan zen, “erritmo altuko” norgehiagoka jokatu zuten beratarren Matzadan eta bi taldeek gauzak garbi zituztela zelairatu ziren. Aukera garbi pare bana eduki zituzten neurketan zehar, baina bi atezainek lan ona egin zuten, abagune horiek bertan behera utziz. Horrela, inorrek golik ez zuenez sartu, hutsera berinduta bukatu zuten jardunaldia, puntuak modu justuan banatu. Esnaolak aipatu duenez, “puntu bat gehiagorekin” aitzinera segitu du taldeak eta “goitikoak segitzen”. Puntu hau guztiz ontzat emateko, orain heldu den asteburuan garaipena eskuratzen saiatuko dira beratarrak, Urki Bren kontra, larunbatean (otsailaren 7an), 15:30ean.