Beti Gaztek hutsera berdindu zuen Mondragonekin
2026/11/18
Neurketa parekatua eta lehiatua izan zen eta bi taldeek ere aukerak sortu zituzten markagailuan aitzinetik jartzeko. Hala ere, talde bakar batek ere ez zuen atean asmatu eta horrez gain, lesakarren kontrakoak izan ziren pare bat erabaki hartu zituen epaileak, guztiz baldintzatu zutela berdinketa. Edonola ere, puntu bat poltsikoratu zuen taldeak etxean eta pozik gelditu ziren zaleen aurrean emandako itxurarekin.
Gipuzkoako Ligako gizonezkoen Ohorezko Erregional mailako Beti Gaztek hutsera berdindu zuen, pasa den igandean, Mondragonekin. Golik gabeko jardunaldia izan zen, nahiz eta bi taldeek ere aukera garbiak sortu markagailuan aitzina hartzeko. Lesakarrek gainera ez zuten zorte gehiegirik izan, epaileak pare bat erabaki hartu baitzituen etxekoei mesederik egin ez ziena. Horrela bada, puntu bakarrarekin bukatu zuten asteburua, baina pozik emandako itxurarekin eta erakutsitako lehiakortasunarekin.
“Partidu oso lehiakorra” izan zela argitu du Asier Salguero Beti Gazteko entrenatzaileak. “Aurkari gogor bat eta partidu txukun bat” izan zela gaineratu zuen. Mondragonek egoera garbi batzuk sortu zituela ere aitortu du, baina ez zutela atean asmatu. Etxeko taldea ordea, “lehiakortasuna” mantentzeko gai izan zen neurketa guztian zehar eta “momentu txarrei buelta” eman zietela, beraiek ere aukera garbiak sortuz. Alde horretatik beraz, berdinketa “justua” izan zela onartu du Salguerok, nahiz eta epailearen erabakiek emaitza baldintzatu zuten: “Epailaren bi erabakik neurketa baldintzatu zuten. Gure kontrakoak izan ziren biak. Alde batetik, Mondragoneko jokalari bati bigarren txartel horia atera behar zion, beraz gorria, eta beste jokalari bati eman zion txartel hori hori. Bestalde, 88. minutuan, gure erdiraketa batean aurkariak garbi eman zion eskuarekin eta hori ere ez zuen behar bezala adierazi epaileak”. Epailearen erabakiak bertzelakoak izan baziren, Beti Gaztek puntu bat atera beharrean, hiru puntuak eskuratuko lituzkeela dio entrenatzaileak.
Edonola ere, partidu polita jokatu zutela iritzi dio prestatzaileak eta beraz, “puntu ona” atera zutela. Orain, Oiartzunen kontra neurtu beharko dute indarra heldu den asteburuan. Karla Lekuonan jokatuko da partidua, larunbatean (azaroaren 21ean), 17:45ean.