Real Unionek hiru puntu poltsikoratu zituen etxean
2026/11/16
Talde txuribeltzak 1-0eko markagailuarekin irabazi zuen pasa den larunbatean Stadium Galen, Cultural y Deportiva Leonesa taldearen kontra. Golik gabeko lehen zati bat jokatu ondotik, bigarrenaren hasieran ailegatu zen zorioneko jokaldia etxekoentzat. Aitor Galarzak sartu zuen baloia sarera eta horrekin, garaipena eman zion taldeari. Hiru puntu gehiago batuta, hamaikagarren dago orain Ramses Gilen taldea, hamasei punturekin guztira.
Real Unionek 1-0eko emaitzarekin garaitu zuen Cultural y Deportiva Leonesa, pasa den larunbatean (azaroaren 14an), Stadium Galen. Golik gabeko lehen zati bat jokatu ondotik, Aitor Galarzak lortu zuen taldea aurretik jartzea. Bigarren zatiaren hasieran ailegatu zen gola, hasiera batean zalantzagarria izan zena. Epaileak hobeki begiratu ondotik, ontzat eman zuen gola, garaipenarena. Desiotako hiru puntuak lortuz, hamaikagarren postura igo da talde txuribeltza, hamasei puntu batuta guztira.
Golik gabeko lehen zati bat jokatu zuten Real Unionek eta CyD Leonesak Stadium Galen. 0-0ekoarekin hasi zuten beraz, azken zatia eta txuribeltzek segidan erakutsi zuten garaipena nahi zutela. Izan ere, hasi eta bi minutura, Aitor Galarzak arrakasta izan zuen jaurtiketan eta 1-0ekoa ezarri zuen markagailuan. Hala ere, epaileak berriz ere begiratu behar izan zuen ekintza bideoz. Zalantzagarria iruditu bazitzaion ere, azkenean ontzan eman zuen gola eta aitzinetik jarri zen etxeko taldea.
Leonesak segidan erantzun nahi izan zuen, baina ezin izan zuen atean asmatu. Sei saiakera egin zituen eta horietako bakarrak lortu zuen sarera hurbiltzea, nahiz eta taldeak ez zuen lortu hau golean bihurtzea. Azken minutuetan gainera, txartel gorria atera zioten talde bisitariari eta horrela, hamar jokalariekin egin behar izan zion aurre partiduaren azken zatiari. Ezinezkoa egin zitzaion gehiago egitea eta Real Unionek ordea, bere aldeko emaitza mantentzea lortu zuen, hiru puntuak etxean gelditu ahal izateko.
Garaipenaren ondotik, talde txuribeltzak sailkapeneko hamaikagarren postuan kokatu da orain, hamasei punturekin guztira. Heldu den asteburuan, AD Merida taldea bisitatuko du, igandean (azaroaren 22an) 18:15ean.