Real Unionek punturik batu gabe bukatu du asteburua
2026/11/02
Talde txuribeltzak 0-3ko markagailuarekin galdu zuen larunbatean Real Aviles taldearen kontra. Bisitariak lehen zatian jarri ziren aitzinetik eta hori iraultzeko saiakerak egin zituzten etxekoek bigarrenenean. Hala ere, ezin izan zuten berdinketa lortu eta, kontrara, aurkariak bertze bi gol sartuta, erabakita utzi zuen garaipena. Porrot mingarria izan zen Real Unionentzat, baina prest daude honi buelta emateko.
Real Unionek 0-3 galdu zuen, pasa den larunbatean Stadium Galen, Real Aviles taldearen kontra. Lehen zatian lortu zuen aurkariak aitzinetik jartzea eta bigarrenean, txuribeltzek zenbait saiakera egin zituzten hori berdintzeko. Hala ere, abagune horiek ezin izan ziren goletan bihurtu eta beraz, puntuek ihes egin zuten etxeko zelaitik. Talde bisitariak gainera, bertze bi gol sartu zituen eta horrela, erabakita utzi zuen garaipena.
Intentsitate handiz zelairatu ziren bi taldeak pasa den larunbatean, lehen ordu erdirako nabarmen apaldu zena, bi aldeetan ere. Hala ere, Real Avilesek ez zuen gola sartzeko aukera galdu eta 38. minutuan lortu zuen 0-1ekoarekin aitzinetik jartzea. Real Unionek ez zion erantzunik eman honi eta beraz, emaitza horrekin joan ziren bi taldeak aldageletara.
Bigarren zatian, neurketa berdintzen saiatu ziren etxekoak eta baloiaren jabetza beraiena izan zen. Bi aukera segidan izan zituen Ramses Gilen taldeak, baina ez zuten asturiarren aitzinean asmatu. Edonola ere, txuribeltzen konfiantzarako ona izan zen hori eta aurkariaren arean jokatzen segitu zuen gogor. Golik sartu gabe segitu zuten bi taldeek, partidua bukatzeko ordu laurdena falta zen arte. Real Unionek azken aukera bat izan zuen markagailua berdintzeko, baina hau ere ongi gelditu zuen Avileseko atezainak. Hurrengo jokaldian ordea, talde asturiarra jokalari bat gutiagorekin bazegoen ere, kontraeraso batean 0-2koa ezarri zuen. Hori guti balitz, luzapenean, Mahicasek hirugarren gola lortu zuen taldearentzat eta horrela, 0-3koarekin jardunaldiko hiru puntuak Asturiasera joan ziren.
Punturik batu gabe eta porrot gogorra jasota bukatu zuen Real Unionek asteburua. Edonola ere, kolpetik altxatu eta gaurtik aitzinera jardunaldi berri bati begira jarriko dira. Hain zuzen ere, heldu den larunbatean (azaroaren 7an), Barakaldoren kontra izanen duen partiduari (17:00).