Ramses Gil: “Lehiakortasun izpiritua mantendu behar dugu garaipena eskuratu ahal izateko”

2026/10/30
Real Unionek etxean jokatuko du berriz ere asteburu honetan. Txuribeltzek Real Aviles jasoko dute oraingoan, Stadium Galen, bihar (urriaren 31n), 18:45ean. Astean zehar jokatu beharreko Errege Kopako lehen kanporaketa bertan behera gelditu ondotik, neurketa hau hobeki prestatzeko denbora izan du talde irundarrak. Liderraren kontra irabazteak ere indarra eman dio horretarako eta prest dago erronka berri honetarako.
Ramses Gil: “Lehiakortasun izpiritua mantendu behar dugu garaipena eskuratu ahal izateko”
Real Unionek Real Aviles jasoko du etxean, bihar (urriaren 31n), 18:45ean. Stadium Galen ariko da berriz ere taldea, pasa den asteburuan lortutako liderraren kontrako garaipena errepikatu nahiean. Astean zehar Portugaleteren kontra zuen Errege Kopako lehen kanporaketa bertan behera gelditu ondotik, talde irundarrak egun gehiago izan ditu entrenatzeko eta biharko partidua prestatzeko. Horrela bada, gogoz eta prest, ekinen dio hizordu berriari. Aste arraroa izan dela onartu du Ramses Gilek. Portugaleteren kontra neurtu behar zituen indarrak talde txuribeltzak, Errege Kopako lehen kanporaketan. Hitzordu hau ordea, bertan behera gelditu zen Espainiako Futbol Federazioak hala erabakita, Toledon izandako tren istripuan izandako biktimekin elkartasun keinu gisa. Horrela bada, neurketarik gabe, Real Unionek denbora gehiago izan du biharkoa prestatzeko: “Aste arraroa izan da neurketa hori bertan behera gelditu zelako, ongi erabakita. Horrek abantaila eman digu karga handiko bi saio gehiago izateko aukera izan dugulako”. Entrenamendu gehiago izatearekin batera, hitzordua etxean dela ere goraipatu du entrenatzaileak, egun eta ordu onean, eta “ilusioz” espero dute guziek hitzordua. Pasa den asteburuan Lugo liderraren kontra garaipena eskuratu ondotik, sentsazio onekin gelditu zen taldea eta horrek motibazioa eman dio aste honetarako ere. “Hiru puntuak eskuratzea izan zen onena, baina partiduak utzi zituen sentsazio positiboak ere pozgarriak izan ziren. Lehiakortasuna erakutsi genuen ia 100 minutuz eta horrek eman zigun garaipena. Hori da beti bilatu behar dugun”, gehitu du Gilek. Astean zehar betiko lana egin dutela ere aipatu du entrenatzaileak eta “maila altuan” entrenatu dutela. Aurkaria ere talde “oso ona” dela onartu du eta “joko berezia” duela. Horren aitzinean, hiru puntuak lortzeko gakoa, “Avilesi eragin beharreko deserosotasunean” egonen dela aitortu du Gilek, txuribeltzen arteko paseen bidez eta hortik aitzinera, “ahal dugun hobekien aritzea” izanen da taldearen helburua biharko etxeko partiduan.