Beti Gaztek Ohorezko Erregional maila mantentzeko helburua lortu du dagoeneko
2026/05/05
Lesakako taldeak 1-5eko markagailuarekin garaitu zuen Tolosa, pasa den maiatzaren 1ean. Honekin Beti Gaztek denboraldiko helburua lortu du, Ohorezko Erregional maila mantentzea. Erregional Lehen mailako Gure Txokoak berriz, bana berdindu zuen Billabonarekin eta ezin izan ditu igoera faseko goiko postuak atxiki.
Gipuzkoako Ligan ari den Ohorezko Erregional mailako Beti Gaztek 1-5eko markagailuarekin garaitu zuen Tolosa, pasa den maiatzaren 1ean. Aurkari zaila zuen Lesakako taldeak, dinamika onean zetozelako tolosarrak. Hala ere, helburu garbiarekin zelairatu ziren lesakarrak, “matematikoki maila mantentzea”, Eneko Ferradas entrenatzaileak argitu duenez. Ideia horrekin, ongi zelairatu ziren bisitariak eta 0-1ekoa ezartzea lortu zuten segidan Zabalaren bitartez. Etxekoek azkar erantzun zuten ordea, eta 1-1ekoa jarri zuten. Ferradasek azpimarratu duenez, Beti Gazte “ez zen behera etorri eta atsedenaldira bidean, Mattinek 1-2koa lortu zuen”.
Bigarren zatian, taldeak “lan serioa” egiten segitu zuen eta aukera andana sortu zituen. Hasieran, gol gehiago sartzea kosta zitzaien, baina azkenean Tabernaren bi golei esker eta Zabalaren bertze batekin, 1-5eko behin-betiko markagailuarekin irabazi zuten. Ferradasek adierazi du “partidu oso borobila” egin zuela taldeak eta helburua lortuta bueltatu zirela etxera: “40 punturekin, eta hamargarren postuan, maila mantentzea lortu dugu”. Hala ere, hiru neurketa gelditzen dira denboraldia bukatu baino lehen eta horietan, “ilusioz eta gogoz” arituko direla aipatu du prestatzaileak. Hurrengo hitzordua Lesakan izanen dute, larunbatean (maiatzaren 9an), Beasain Bren kontra (17:00).
Gure Txokoak ez ditu igoera faseko goiko postuak atxiki
Erregional Lehen mailako Gure Txokoak berriz, egun berean, banako berdinketa erdietsi zuen Billabonaren kontra. Igoera faseko goiko postuetan sailkatzea zen beratarren helburua, baina horretarako, garaipena ezinbertzekoa zuten. Mikel Esnaola entrenatzaileak erran duenez ordea, “partidua ez zen nahi bezala atera eta ez genuen helburua lortu”. Neurketa hasi eta berehala, borzgarren minutuan, Billabona aitzinetik jarri zen, bisitariek izan zuten “konzentrazio akats” baten ondorioz. Partidua “maldan gora” jarri zitzaien Esnaolaren mutilei, nahiz eta horri buelta ematea lortu zuten: “Minutuak pasatu ahala, partiduan sartzen joan ginen eta aurkariak baino hobeak izan ginen. 25. minutu inguruan, jokaldi on baten ondotik, gola lortu genuen eta berdinketa jarri genuen markagailuan”.
Bigarren zatian, garaipena eskuratzeko ideiarekin zelairatu zen Gure Txokoa, “sakontasun” gehigo eman nahian beraien jokoari. Hori lortu eta ez ezik, gola egitea ere lortu zuen Berako taldeak, baina epaileak jokoz kanpo zela erabaki zuen eta beraz, bertan behera gelditu zen jokaldia. “Aukera gehiago” ere eduki zituzten bisitariek, baina ez zuten gol gehiagorik sartu eta horren ondorioz, ez zuten helburua lortu. Hala ere, lanean segituko dute azken txanpa honetan eta asteburuan puntuak poltsikoratzen saiatuko dira, Irauli Bostekoren etxean izanen duten partiduan (larunbatean, maiatzaren 9an, 18:30ean).