Beti Gaztek puntuak batzen segitzen du

2026/10/27
Gipuzkoako Ligako Ohorezko Erregional mailan jokatzen duen Lesakako taldeak hirugarren garaipena segidan lortu zuen larunbatean Mastegin. Orioko izan zuen aitzinean eta 1-0eko emaitzarekin hiru puntuak poltsikoratzea lortu zuen, sailkapeneko seigarren postura igoz. Heldu den asteburuan etxetik kanpo jokatuko du Beti Gaztek, Añorgaren kontra hain zuzen ere, urriaren 31n, 18:30ean.
Beti Gaztek puntuak batzen segitzen du
Gipuzkoako Ligako gizonezkoen Ohorezko Erregional mailan ari den Beti Gaztek dinamika onean segitzen duela erakutsi zuen asteburuan etxeko zelaian. Larunbatean, urriaren 24an, Orioko jaso zuen Mastegin eta 1-0eko markagailuarekin irabaztea lortu zuen taldeak. Ez zuen nahi bezala hasi neurketa, baina poliki-poliki, bere lekua egin zuen zelaian Beti Gaztek eta gola sartuta, jardunaldiko hiru puntuak ere bereganatu zituen, sailkapeneko seigarren postura igoz. Asier Salguerok aipatu duenez, neurketa “gogorra izan zen lehen zatian”. Izan ere, “aurkaria hobeto” hasi zen eta lesakarrek “aldaketa batzuk” egin behar izan zituzten Mastegin eroso egon ahal izateko. Horrela bada, poliki-poliki, beraien lekua hartu zuen Beti Gaztek eta bigarren zatian erakutsi zuen hori Asier Tabernak sartutako golarekin. 67. minutuan izan zen hori eta taldeak 1-0ekoarekin egin zion aitzin neurketaren azken zatiari. “Urduritasunarekin” egin zutela ere aitortu du Salguerok, “emaitza estua baitzen”, baina nahikoa izan zen azkenean garaipena eskuratu eta jardunaldiko hiru puntuak ere Mastegin gelditzeko. Sasoi bikainean dago Lesakako taldea eta hirugarren garaipena segidan lortuta, sailkapeneko seigarren postura igo da, hamabi puntu batuz guztira. Heldu den asteburuan, urriaren 31n hain zuzen ere, Añorga bisitatuko du Beti Gaztek, 18:30ean. Hondarribiak ere garaipena eskuratu zuen Mondragonen kontra Maila berean, Hondarribiak ere 0-1eko markagailuarekin garaitu zuen Mondragon. Golik gabeko lehen zatia jokatu zuten bi taldeek, baita bigarren zatia ere. Azken unean ailegatu zen hondarribiarren gola, 88. minutuan hain zuzen ere, Michel Bairen eskutik. Tentsioa izan zen nagusi neurketa honetan, baina azkenean berdeak pozik itzuli ziren etxera hiru puntuekin poltsikoran. Hauek Beti Gazteren gibeletik daude sailkapenean, zazpigarren postuan, 10 punturekin. Heldu den asteburuan, etxean hartuko dute Oiartzun, larunbatean 15:30ean.