Real Unionek liderraren kontrako partiduan garaipena eskuratu zuen
2026/10/26
Talde txuribeltzak 4-1 irabazi zuen, pasa den ortziralean Stadium Galen, sailkapeneko liderra den CD Lugo taldearen kontra. Aste batzuk zeraman Ramses Gilen taldeak hiru puntuak batu ezinik, eta azkenean neurketa garrantzitsu batean poltsikoratu zituen osorik, etxeko zelaian nabarmenduz eta zaleekin batera nagusitasun hori ospatuz.
Real Unionek 4-1 garaitu zuen CD Lugo sailkapeneko liderra. Neurketa bikaina jokatu zuten txuribeltzek etxean, zaleen aitzinean, eta liderraren kontra markagailu zabalarekin irabaztea lortu zuten, aspaldian desio zituzten hiru puntuak osorik poltsikoratuz, eta bertaratu zirenekin behar bezala ospatuz.
Lehen zatia Lugok falta batengatik baliogabetutako gol batekin hasi zen. Real Unionek ezusteko hartu zuen horrekin, baina ongi erantzun zuen eta markagailuan aitzina hartzea lortu zuen hurrengo jokaldian, Ekain Azkuneren bitartez. Bigarren golaren bila joan ziren txuribeltzak hurrengo minutuetan, baina ez zuten atean asmatzen. Atsedenaldiaren aitzinetik, Lugok buruz egindako erremate batekin aukera izan zuen neurketa berdintzeko, baina hau ere ateko zutoinaren ondotik kanpora joan zen.
Bigarren zatian, etxekoak saiatu ziren berriz ere markagailuko aldea zabaltzen, baina ezinezkoa izan zen. Lugok ordea, emaitza berdintzea lortu zuen Alan Godoyren bitartez. Amore eman beharrean, Real Unionek lanean segitu zuen eta bigarren gola eskuratu zuen Jordi Polak sartuta, 2-1ekoa lortuz. Txuribeltzek lasaitasunari eutsi zion eta garaipena eskuan zuela sinetsita, borrokan segitu zuen hirugarren gola erdietsi arte. Unai Garciak sartu zuen 3-1ekoa. Hori guti balitz, neurketa borobiltzeko laugarrena ere sartu zuen Real Unionek, Luca Sangalliri esker, 4-1eko behin-betiko emaitzarekin bukatzeko.
Garaipen honekin, Real Unionek hamahiru puntu ditu sailkapenean. Heldu den astean, berriz ere etxean arituko da, Real Aviles taldearen kontra. Neurketa larunbatean jokatuko da, urriaren 31n, 18:45ean.