Bidasoa Atletiko Taldeak bederatzi domina eskuratu ditu Euskadiko Absolutu Txapelketan
Bidasoa Atletiko Taldeak asteburu emankorra izan du. Euskadiko Pista Estaliko Absolutu mailako Txapelketan izan da Anoetan, baina baita Espainiako Kros Txapelketan Kordoban eta Salamankako Trofeoan ere.
Denetan nabarmendu dira BATeko atletak, batez ere etxeko lehiaketan, bederatzi domina ekarri baitituzte bertatik etxera bueltan, tartean Alaine Aguerralderen urrezkoa. Guztira 49 alteta izan ziren Anoetan, Euskadiko Pista Estaliko Absolutu mailako Txapelketan. Alaine Aguerralde izan zen nabarmendu zen horietako bat, urrezko domina eskuratu baitzuen 400 metroko lasterketan, 56 segunduko denbora eginez. Zilarrezko dominei dagokionez, Aritz Zuazok lortu zuen horietako bat altuera jauzian (1.95 metro), baita Ander Angladak ere 800 metroko lasterketan (1:54.22). Emakumeetan, Zuriñe Celisek lortu zuen bigarren postua luzera jauzian (5.59 metro), baita Goizane Garciak ere pisu jaurtiketan (12.40 metro). 18 urtez azpiko mailan, Iker Piñeirak bere bigarren Gipuzkoako errekorra lortu zuen 60 metroko lasterketan, 6.94 segunduan osatuz proba (pasa den asteburuan 200 metroko errekorra lortu zuen). Azkenik, Naia Llorente eta Izaskun Sanzen lana nabarmendu du klubak, hirugarren postua eskuratu baitzuen biak, bakoitzak bere proban: Llorentek altuera jauzian (1.67 metro) eta Sanzek 800 metroko lasterketan (2:20.11). Espainiako Kros Txapelketa Kordoban Estatu mailan, Espainiako Kros Txapelketa ospatu zen asteburuan Kordoban eta bertan izan ziren BATeko korrikalariak ere. Lehiaketa gogorra izan zen, loiez betetako zirkuitu batean ospatu zelako proba eta horrek lasterketa egitea zaildu zuen. Hala ere, hauek izan ziren Irungo klubeko atletek lortutako emaitzak: 23 urtez azpiko mailan, Ander Aramendi 10.; 20 urtez azpiko mailan, Julen Mendoza 30.; 18 urtez azpiko mailan, Naia Piquer 30., Eider Aramburu 34. eta Urko Ibarguen 43.; eta 16 urtez azpiko mailan, Adur Errazquin 57. Salamankako Trofeoan Salamankako Trofeoan ere parte hartu zuten BATeko atletek, 60 metroko eta 60 metroko hesi-lasterketetan parte hartuz. Lehen proban Carla Arwenek finalean parte hartu zuen eta bertan, 7.51 segunduko denbora egin zuen. Gizonetan, Alex Garciak ere parte hartu zuen proba berean eta 6.99 segunduko denbora egin zuen, bikietan minez bukatuz lasterketa. Hesi-lasterketan berriz, lehiara bueltatu den Teresa Errandonean sentsazio onak bildu zituen finalean hirugarren postua eskuratuz, 8.31 segunduko denborarekin. Proba berean, Uxia Pereira taldekideak 8.84 segunduan bukatu zuen proba, finalean parte hartuta ere. Alain Oca mailu-jaurtiketan Azkenik, Alain Oca BATeko kirolariak partehartze libretto txapelketa batean parte hartu zuen, mailu-jaurtiketan, 18 urtez azpiko bere kategorian. 60 metroko jaurtiketa egin zuen eta proba honetako Europako sailkapeneko lider bilakatu da orain.