Bidasoa EHF European Leagueko final laurdenetara sailkatu da historian lehen aldiz
Bidasoak arrats zoragarria bizitu zuen atzo, Artaleku bete batean, Limoges-i 35-30eko markagailuarekin irabazita. Lehen zati parekatu baten ondotik, bigarren ordu erdian indarrez ekin zion talde horiak partiduari eta bortz goleko aldea lortuta, aukerarik gabe utzi zion aurkariari. Garaipen honekin, Alex Mozasen taldea EHF European Leagueko final laurdenetara sailkatu da historian lehen aldiz.
Gorka Nietok ireki zuen markagailua lehen minutuan, etxeko taldeak aitzina har zezan. Hala ere, honek ez zuen gehiegi iraun eta Limogesek 1-3koa ezarri zuen hurrengo jokaldietan, garaipena nahi zuela erakutsiz. Artaleku bete baten bultzadari esker, Bidasoak neurketa berdintzea lortu zuen hamargarren minuturako (6-6). Ordu laurdenera bidean berriz, 0-3ko partzial bat lortuta, talde frantsesak hiru goleko errenta lortu zuen bere alde (6-9). Alex Mozasek hutsartea eskatu zuen orduan eta honekin, egoera bideratzeko gai izan ziren bere jokalariak, berriz ere aurrea hartuz. Hartu-emanean segitu zuten atsedenaldira bidean eta markagailuan ere islatu zen hori. Batzuen eta bertzeen golekin, 15-15ko berdinketarekin joan ziren bi taldeak aldageletara.
Lehen zati on baten ondotik, Bidasoak oraindik ere lan hobea egiteko gai zela erakutsi zuen azken ordu erdian. Maila igota, abantaila ere eskuratu zuen talde horiak, 19-17koa eskuratuz. Limogesek hutsartea eskatu zuen orduan, ikusirik partiduak erraz ihes egin ziezakeela. Edonola ere, etxeko jokalariek eta zaleek binomio ederra sortuta, euren lanarekin segitu zuten aitzinera eta errenta handitzen joan ziren emaitzan ere. Leo Maciel bikain aritu zen atean ere eta hamar minutu gelditzen zirenean, Bidasoak seiko abantailarik handiena lortua zuen (28-22), garaipena ia erabakita utziz. Emaitzari kemen handiz eutsiz, jardunaldiko bi puntuak etxean gelditzea lortu zuten, 35-30eko emaitza eskuratuz, etxekoen aldeko azkeneko minutua jokatu gabe utziz.
Garaipen honekin, Bidasoa Irunek EHF European Leagueko final laurdenetara sailkatzea lortu du, historian lehen aldiz. Orain, Plenitude ASOBAL Ligako erronkei eutsi beharko diete indarrez. Heldu den larunbatean, martxoaren 1ean, Cuenca bisitatuko du talde horiak (19:00).