Bidasoa Itzuliaren 51. edizioa ospatuko da maiatza hasieran

2025/04/29
Hogei urteren ondotik, erlojupeko batekin hasiko da 2025eko Bidasoa Itzulia. Ondotik, Irurita-Bera eta Hendaia-Irun etapak osatu beharko dituzte txirrindulariek. Oztopoak oztopo, zuzendaritza talde berrituarekin, ibilbidea egiten segitzen du estatuko afizionatu mailako lasterketarik garrantzitsuenak.
Bidasoa Itzuliaren 51. edizioa ospatuko da maiatza hasieran

Maiatzaren 8tik 10era ospatuko da aurten Bidasoa Itzulia, bere 51. edizioan, eta “Batzen gaituen (h)ura” lelopean. Zuzendaritza talde berria estrainatuko du, Jorge Garcia buru duela, eta erlojupeko motz batekin hasiko da Hondarribian. Bi berrikuntza horiez gain, ohiko mendate eta ibilbideak ere izanen ditu estatuko afizionatu mailako lasterketarik garrantzitsuenak ere, dagoeneko ohitura bilakatu direnak. 

Ortzegunetik larunbatera ospatuko da 2025eko Bidasoa Itzulia, Euskal Herrian hurrengo asteetan izanen diren bertze txirrindularitza hitzorduek baldintzatuta. Data beretan Ipar Euskal Herrian izanen diren besta egunek eragindako aldaketek ere eragina izan dute aurtengo ibilbidea osatzerakoan, baina oztopoak oztopo, Jorge Garciaren taldeak lortu du bertze behin hiru etapa polit eta berezi diseinatzea. 

Erlojupeko batekin hasiko dute itzulia maiatzaren 8an. 20 urte baino gehiago dira ez zela horrelako etapa batekin hasten lehia eta aurtengoan modalitate honetan ongi dabiltzanak emanen dute lehen aurrerapausua. 4 kilometroko ibilbidea izanen du lehen etapa honek eta Hondarribian ospatuko da, Guadalupetik Jaizkibelera. 

Lehen egun honetan egindako denborek baldintzatuko dute bigarren etaparen nondik norakoa, nahiz eta sprint-ean bukatzea aurreikusten duten. Izan ere, Iruritan hasi eta Beran bukatuko da bigarren jardunaldia, Nafarroatik 140 kilometro osatu ondotik. Etaparik luzeena izanen da eta Jorge Garciak aipatu duenez, “Bidasoa Itzuliak historian izan duen luzeenetarikoa ere izan daiteke”. Tropelak Malerreka ere zeharkatuko du aspaldiko partez eta Saldiasko igoera gainditu beharko du, zalantzarik gabe sailkapen orokorrean eragina izanen duena. Hala ere, txirrindulari azkarrenek ez dute aukerarik galduko Beran, sprint-ean, besoak altxatzeko. 

Hirugarren etapak ohiko ibilbidea izanen du, aldaketa txiki batzuekin. Hendaian hasiko da eta Irunen bukatu. 100 kilometro izanen ditu guztira eta zazpi mendate igoko dira: Guadalupe, Gurutze, Aritxulegi, Agiña, Piedad, San Martzial eta Erlaitz. Etapa honetan erabakiko da 2025eko Bidasoa Itzuliko garailea nor izanen den, ezustekorik ez bada bederen.

Bidasoa ibaiak bustitzen dituen herri guztien batura izan nahi du Bidasoa Itzuliak eta antolatzaileek lotura onak egin dituzte horretarako. Igor Enparan Hondarribiako alkateak, Aitor Elexpuru Berako alkateak eta Gorka Urtasunek Baztango Udaleko kirol hautetsiak onartu dute lasterketa hau bailaran ezinbertzekoa dela. Alde batetik, eta kirolari dagokionez, afizioa sortzeko eta eskualdeko txirrindulari gazteek aukerak izan ditzaten. Bertzaldeko, elkar harremantzeko eta Bidasoa bailarako herritar, administrazio, eragile eta enpresak batzeko. Honengatik guztiagatik, hautetsiek eskerrak eman nahi izan dizkiete antolatzaileei hau aitzinera eramateagatik eta lasterketa euren herrietara eramateagatik ere. 

51 urteren ondotik, eta zailtasunak alde batera utzita, sasoi onean dago Bidasoa Itzulia, baita txirrindulari bidasotarrak ere. Pasa den urtean Haimar Etxeberria irundarrak irabazi zuen etapa hau eta marka berdintzea zaila izanen bada ere, aurten tropelean bertze hainbat bidasotar ariko dira lehian, tartean Mikel Irigoien beratarra. Honekin batera, 18 talde desberdinetako txirrindulariak arituko dira pedalei eragiten hiru egunez eta, bertze behin ere, profesional berriak aterako dira hiru egun horietako podiumetatik.