Bidasoa Klubak Lurraldea Gara proiektua aurkeztu du

2025/11/20
Klub irundarrak orain dela ia zazpi urte hasi zuen bideari segida emanen dio aurtengo denboraldian. Gipuzkoako gazte talentuarekin hasi zen orduan lanean, tekfinikazio saioak eskaintzen Irunen. Ondotik Bidasoa Isuria proiektua etorri zen, Lapurdira eta Nafarroa iparraldera zabalduz klubaren baliabideak. Oraingo honetan, Bizkaira eta Arabara ere joanen dira lehen taldeko prestatzaileak, entrenamendu saioez gain, hiru enpresen laguntzarekin, hitzaldi eta tailer desberdinak ematera.
Bidasoa Klubak Lurraldea Gara proiektua aurkeztu du

Bidasoa Klubak bertze aitzinera pausu bat eman nahi izan du eta proiektu berri bat aurkeztu du gaur goizean Artalekun. Ia zazpi urte dira lehen teknifikazio saioak egin zituztela Irunen eta, Bidasoa Isuria proiektuaren bitartez, entrenamendu horiek Lapurdira eta Nafarroa iparraldera zabaldu zituzten pasa den denboraldian. Oraingo honetan, Lurraldea Gara izenburupean, Arabara eta Bizkaira ere joanen dira lehen taldeko prestatzaileak bertako talentuarekin lan egitera. Horrez gain, hiru enpresekin elkarlanean, fisioterapia, elikadura, suplementazio eta zapaldura hobetzeko eta lesioak ekiditeko saioak ere eginen dituzte eskubaloi jokalari gazteekin.

Gaur goizean aurkeztu du Gurutz Aginagalde Bidasoa Klubeko presidenteak proiektu berri hau, Lurraldea Gara izenburupean. Zuzendaritza taldean sartu zenetik, orain dela ia zazpi urte, lurraldeko talentuarekin lan egin behar zutela argi zuen Aginagaldek eta hortan jarri ziren segidan, Irunen ospatu ziren lehen teknifikazio saioekin. Pasa den denboraldian, Bidasoa Isuria proiektua aurkeztu zuten, Lapurdira eta Nafarroa iparraldera luzatuz entrenamendu horiek, bertako jokalari gazteekin ere lan egiteko asmoz. Teknifikazio hauek Irunen egin ziren, baita Urruñan eta Donezteben ere, betiere bertako eskubaloi taldekoekin elkarlanean. Orain, bertze aitzinera pausu bat eman nahi izan du klubak eta Bizkaia eta Arabara eramanen dituzte euren baliabideak, bertako gazteekin lan egiteko asmoz. 

Bidasoa Irun Artalekutik aterata, lehen taldeko baliabideak eskura jarriko dizkiete prestatzaileek herri eta hiri desberdinetako jokalari gazteei. Orain arte egiten zituzten entrenamendu saioez gain, hiru enpresetako ordezkariak joanen dira lehen taldeko teknikariek batera, hitzaldi eta tailer desberdinak eskaintzera. Gurutz Aginagalde presidenteak azaldu duenez, “Fylab fisioterapia zentroa egonen da, jokalariek lesioak eta egoera fisikoa aztertzera. Natures Plus enpresak ere hitzaldi batzuk eskainiko dizkie gazteei, elikaduraren eta suplementazioaren inguruan. Azkenik, Podoactiva enpresak zapaldura lantzeko eta lesioak ekiditeko egin daitezkeen guztia azalduko die”. Honekin guztiarekin, Bidasoak “goi mailara iristeko aukera duten gazteen eskura jarri nahi ditu lehen taldearen baliabide guztiak, etorkizunera begirako prozesuan lantzeko”. 

Klub irundarraren hazkuntzan bertze pausu bat dela onartu du Aginagaldek eta Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Euroeskualdearen eta Euskadiko Eskubaloi Federazioaren eskutik emandakoa dela ere oroitarazi du, urteetan luzatu daitekeen proiektua izan dadin. “Bidasoa gizonezkoen eskubaloian lurralde osoan erreferente” dela azpimarratu du presidenteak eta “konpromiso bat” ere badutela Euskal Herriko eskubaloi jokalariekin. Lan honekin beraz, talentudun jokalariengana hurbildu nahi dira, eta alderantziz, jokalari gazteak eta zaleak Bidasoara hurbiltzea ere baita beraien asmoa. Lehen saioaren hitzordua egina dute, azaroaren 26an Bilbora joanen dira, Deustoko Unibertsitateko instalazioetan bertako jokalariekin elkartzera. Bertze saio batzuen data ere ixten ari direla argitu du lehendakariak eta horien berri aitzinerago emanen dutela. 

Euskararen egunerako kamiseta bereziak jantziko ditu lehen taldeak

Lurraldea Gara proiektuaren barrenean, bertze ekimen berezi bat prestatu du Bidasoak, euskal herritar guztiak batzen gaituen euskal kulturaren adierazgarri izanen dena. Abenduaren 3an ospatuko den Euskararen egunaren baitan, lehen taldeak kamiseta berri bat jantziko du azaroaren 29an eta abenduaren 3an jokatuko dituen bi partiduetan. Gurutz Aginagalde presidenteak azaldu duenez, “Bidasoak erreferentzialtasuna duen herri eta hirien izenak darama aurten azalean. Leku hauekin lotzen gaituena euskal kultura da eta beraz, azalaren kolorea aldatzea erabaki dugu Ikurriñarenak jarrita. Teknifikazioetan kamiseta berri hau jantziko dugu eta horrez gain, abenduaren 3an ospatzen den Euskararen eguna aprobetxatuz, lehen taldearentzat ere elastiko bat sortu dugu”. Hain zuzen ere, Irudek Bidasoa Irungo jokalariek azaroaren 29ko Recoletas Atletico Valladolid taldearen kontrako partiduan jantziko dute kamiseta berezia, baita abenduaren 2ko SG Flensburg Handewitt-en kontrako neurketan ere. “Elastikoa ASOBAL Ligan eta Europako Txapelketan ikusi” ahal izanen dela gaineratu du Aginagaldek eta momentuz, “jendearen gustukoa” izaten ari dela.