Bidasoak bertze bi puntu eskuratu zituen Navaren kontrako partiduan

2025/04/07
Talde horia ez zen behar bezala kantxaratu partiduaren hasieran, baina poliki-poliki bere lekua hartuz, 37-29ko markagailu zabalarekin irabazi zuen azkenean Nava taldearen kontra. 31 punturekin guztira, sailkapeneko hirugarren postuan dago Bidasoa.
Bidasoak bertze bi puntu eskuratu zituen Navaren kontrako partiduan
Bidasoa Irun 37
29 Viveros Herol BM Nava

Bidasoak 37-29ko emaitzarekin irabazi zuen Navaren kontra, pasa den ortziralean Artalekun. Etxekoak ez ziren behar bezala kantxaratu eta nagusitasuna lortzea kostatu zitzaien hasieran. Hala ere, atsedenaldira bidean bortz goleko errenta lortu zuten eta bukaera bitarte mantendu ahal izan zuten indar bera. Bi puntu gehiago batuta, sailkapeneko hirugarren postuan dago orain talde horia, 31 punturekin guztira.

Lehen zatiaren hasieran Nava nabarmendu zen Bidasoa baino gehiago, azken honi kosta egin baitzitzaion Artalekun bere lekua hartzea. Bi goleko errenta lortu zuten bisitariak lehen partzialaren ondotik eta agintzen hasi ziren. Hala ere, etxekoak defentsan eta kontraerasoan partiduan sartzen hasi ziren eta berdinketa lortzeko gai izan ziren (9-9, 17. minutuan). Honekin, bisitariak behartuak izan ziren hutsartea eskatzera, baina honek ez zuen etxekoen nagusitasuna bertzerik ahalbidetu. 4-0eko partzialarekin, Bidasoa aitzinetik jarri zen eta aldeak ere handitzen joan zen atsedenaldira bidean. Hain zuzen ere, Julen Mujikaren azken gol bati esker, 18-13ko markagailuarekin joan ziren bi taldeak aldageletara. 

Bigarren zatian, Bidasoak partidua kontrolpean edukitzea lortu zuen. Defentsan sendotasuna erakutsi zuen, baita erasoan eraginkortasuna ere, aurkariarekin markagailuan zuen aldea handitzen joateko. Ekinez, hamaika goleko errenta edukitzea lortu zuten etxekoek, Gorka Nietok sartutako gol bati esker (30-19, 45. minutuan). Neurketa erabaki zegoela berriz, aurkariak lanean segitu zuen eta aldea pixka bat murriztea lortu zuen, 1-4ko partzial baten bidez (31-23, 51. minutuan). Hala ere, tartea mantendu egin zen horien alde eta beraz, garaipena ez zen arriskuan jarri beraientzat. Tao Gayren azken gol batekin, 37-29ko behin-betiko markagailua erdietsi zuen Alex Mozasen taldeak. 

Garaipen honekin, Bidasoa sailkapeneko hirugarren postuan dago, 31 punturekin guztira. Bere gibeletik, Torrelavega dago puntuetan berdinduta. Aitzinetik ordea, Granollers 34 punturekin. Kataluniarrek Barça garaitu zuten asteburuan eta horregatik, Bidasoarekin hiru puntuko aldea irekitzea lortu zuen. Hau horrela izan ez balitz, bidasotarrak kokatuko lirateke orain sailkapeneko bigarren postuan.