Bidasoak puntu bat atera zuen Ademar Leonen kontrako partidutik

2025/03/10
Talde horiak 29-29ko markagailuarekin bukatu zuen Ademar Leonen kontrako partidua. Eritasunak baldintzatuta jokatu zuen partidua eta bertatik puntu bat ateratzea ontzat eman dute taldekideek.
Bidasoak puntu bat atera zuen Ademar Leonen kontrako partidutik
Ademar Leon 29
29 Bidasoa Irun

Otsaileko martxak eragindako nekearengatik eta eritasunagatik baldintzatuta bidaiatu zuen Leonera eta hori ere kantxan somatu zen. Partidu zail baten ondotik, 29-29ko emaitzarekin berdintzea lortu zuen Alex Mozasen taldeak Ademar Leonekin eta beraz, bertan lortutako puntu hori ontzat eman du Bidasoak. 

Lehen zatia intentsitate handiz jokatu zuten bi taldeek. Hala ere, Bidasoak, 0-4ko partzialari esker, aitzinetik jartzea lortu zuen. Horrez gain, Leo Macielek penalti bat ongi gelditzeko askera izan zuen eta honekin guztiarekin, 3-6ko markagailuarekin aurrea hartu zuen lehen zazpi minutuetan. Etxekoek berehala erantzun zuten eta 4-2ko partziala eginez, gol bakarrera hurbildu ziren hurrengo lau minutuetan (6-7). Hortik aitzinera, huts gehiegi egin zituzten bi taldekoek eta bortz minutuz golik sartu gabe egon ziren. Iñaki Caverok hautsi zuen dinamika hori eta zazpi metrotik gol bat sartu zuen lehen ordu laurdena pasatuta. Hartu-emanean segitu zuten atsedenaldira bidean, baina Bidasoak sendotasuna erakutsi zuen defentsan eta bere abantaila mantendu zuen bukaeran, 14-15eko emaitzarekin aldageletara joanda. 

Bigarren zatian, etxeko taldea indarrez atera zen kantxara, garaipena eskuratzeko helburu garbiarekin eta lehen abantaila ere lortu zuen (16-15). Bidasoak berriz, zalantza anitz erakutsi zituen lehen minutuetan eta golik sartu gabe egon zen bortz minutuz. Azkenik, Pachechok lortu zuen jaurtiketa bat sarera sartzea eta hortik aitzinera, erasoan erritmoa handitu zuten. Hurrengo jokaldietan tira-biraka aritu ziren bi taldeak, markagailua alde batera eta bertzera eramanez eta berdinketak ugarituz. Azken minutuetan, tentsio handia nabaritu zen bi taldeen jokoan eta kanporaketak ere izan ziren. Gol trukeak nagusitu ziren eta partidua erabat irekia egotea eragin zuen honek. 58. minutura 28ra berdinduta iritsi ziren bi taldeak eta Bidasoak zuek neurketa bere alde, jokalari bat gehiagorekin zegoelako eta baloia ere bere eskuetan zuelako. Hala ere, baloia galdu eta Ademarrek aprobetxatu zuen kontraerasoa gola sartuz (29-28). Alex Mozasek hutsartea eskatu zuen orduan, azken jokaldia prestatzeko. Erasoan zeudenean, epaileak penaltia adierazi zuen Taoren kontrako falta baten ondotik eta Caverok izan zuen neurketa berdintzeko aukera. Hemen ere hutsik egin gabe gola sartu eta 29-29koa ezarri zuen behin-betiko. 

Berdinketa honen ondotik, puntu bat gehiagorekin bueltatu zen Bidasoa etxera. Heldu den asteburuan atsedenaldia izanen du, eta martxoaren 19an jarriko da taldea berriz ere martxan. Orduan, Artalekun, Tubos Aranda Villa de Arandaren kontra jokatuko du (19:30). Espainiako Koparengatik gibeleratutako partidua izanen da hau, Plenitude ASOBAL Ligako hamaseigarren jardunaldia.