Errugbilariz bete zen Plaiaundi Emakume Errugbi Egunean

2026/10/01
Txingudi Errugbi Klubak hirugarren aldiz antolatu zuen Emakume Errugbi Eguna, pasa den larunbatean Plaiaundin. Bertze edizio arrakastatsu bat izan zen eta adin guztietako jokalariz bete zen zelaia goiz guztian zehar. Honen ondotik, klubeko gazteenek denboraldiari hasiera emanen diote asteburuan, Ligako partiduekin batzuk, eta errugbi eskolen topaketarekin bertze batzuk.
Errugbilariz bete zen Plaiaundi Emakume Errugbi Egunean
Txingudi RC
Txingudi Errugbi Klubak Emakumeen Errugbi Egunaren hirugarren edizioa ospatu zuen, pasa den larunbatean, eta bertze behin ere arrakastaz iragan zen. Adin ezberdinetako hirurogei emakume inguru bildu ziren errugbiaz gozatzera. Kirola ezagutu zuten hainbatek, jolasen bitartez, baita ekitaldiko babesleek eskainitako hirugarren denboraren bitartez ere. Alba Saiz ekitaldiko antolatzaile eta emakumezkoen senior taldeko entrenatzaileak azpimarratu nahi izan du “beti esan izan digute errugbia ez dela neskentzako kirola, baina mota honetako jardunaldiek eta egunerokoan klubean egiten dugun lanak kontrakoa erakusten du. Gero eta emakume gehiago gara klubean jokatzen, eskolako taldeetan, senior taldean edo sortu berri dugun amen taldean”. Liga hasiera eta topaketak errugbilari gazteentzat Honen ondotik, klubeko zenbait taldeek Liga hasiko dute urriko lehen asteburu honetan. Batetik, emakume senior mailako taldeak Bilbon hasiko dute 26/27 denboraldia, bertako Uni Bilbo Bren kontra. Partidua urriaren 3an ospatuko da 14:30ean. Bertzetik, 16 eta 18 urtez azpiko taldeek Donostian hasiko dute Liga, Bera Berak eta Atletico San Sebastianek sortu berri duten Donostia Balezaleak taldearen kontra lehiatzeko. Azkenik, 8 eta 11 urte bitarte gaztetxoek denboraldia betiko moduan hasiko dute, Hondarribiako hondartzan ospatuko den topaketarekin. Gipuzkoa, Nafarroa, Araba eta Errioxatik etorritako 300 jokalari baino gehiagok hartuko dute parte jardunaldian eta beraien arteko partiduak jokatuko dituzte igandean, urriaren 4an, 10:30etik aitzinera Iterlimen aldean jarriko diren zortzi zelai ezberdinetan. Xabi Sanchez Txingudiko eskolako arduradunaren hitzetan, “denboraldian zehar antolatzen dugun ekitaldi handienetakoa da hau eta espero dugu eskualdean errugbia ezagutarazteko ere balio izatea”. Goiz osoan zehar, zaleentzako txokoa egonen dela jakinarazi dute eta, jardunaldiaren bukaeran, parte hartzaile guztiek ohikoa den hirugarren denboraz gozatzeko aukera ere izanen dute.