Biok Txingudik etxeko lehen partidua jokatuko du bihar

2025/10/24
Txingudi Rugby Klubeko senior mailako emakumeek Iruñeako La Unica jasoko dute Plaiaundin, bihar (urriaren 25ean), 16:00etan. Denboraldiko bigarren jardunaldia izanen da eta pasa den asteburuko porrotari buelta eman nahiko diote etxekoek. Aurkari gogorra izanen dute aitzinean, pasa den denboraldian bere aurkari zuzena izan zena eta aurtengoan ere, lehia ongi hasi duena.
Biok Txingudik etxeko lehen partidua jokatuko du bihar
Fermin Garaioa

Biok Txingudik denboraldiko bigarren jardunaldia jokatuko du bihar, urriaren 25ean, Plaiaundin. Etxeko lehen partidua izanen da emakumeentzat eta horretarako, Iruñeako La Unica taldea jasoko du, 16:00etan. Aurkari ezaguna da mugakoentzat, pasa den denboraldian, bien arteko lehia ikusgarria izan baitzen. Orduan, bidasotarrek lortu zuten garaipena, baina parekatuak egon ziren bi taldeak eta zaleek anitz gozatu zuten partiduarekin. 

Aurtengoan, nafarrek garaipen bat lortuta etorriko dira Irunera, pasa den asteburuan Hernaniren kontra irabazi baitzuten. Dinamika honi segida eman nahiko diote beraz, Plaiaundin. Biok Txingudik berriz, Elorrion porrot egin zuen eta beraiek ere, zaleen aitzinean, itxura ona eman eta puntuak batu nahiko dituzte. Horrela, partidu borrokatua izanen dela aurreikusi dute eta lehen garaipena lortzeko borrokan ibiliko direla mugakoak. 

Harrobiko taldeen hitzorduak

14, 16 eta 18 urtez azpiko taldeek ere hitzorduak izanen dituzte asteburu honetan, nahiz eta etxetik kanpo izanen diren. Gazteenek Hernanin jokatuko dute bihar, 10:00etan, Hernani, Atletico San Sebastian eta Bera Beraren kontra. Gipuzkoako lagunartekoak izanen dira hauek. 16 urtez azpikoak aldiz, Gasteizen arituko dira, 10:30ean, Gaztediren kontra. Zelai berean eta aurkari beraren kontra jokatuko dute ondotik, 18 urtez azpiko Gabiria Txingudi/Baztan taldeak.