Txingudi Rugby Klubak Karlos De la Fuente omenduko du larunbatean Plaiaundin
2026/11/04
De la Fuente urte aunitzez Txingudi Rugby Klubeko jokalaria izan zen, gazte mailetan hasi eta senior taldera ailegatzeraino. Erretiroa hartuta, harrobiko jokalariekin lanean segitu zuen bere ezagutza guziak haiekin partekatuz. Azken urteetan, osasun arazoak medio, zeregin hau alde batera utzi zuen, baina ez errugbiarekin eta klubarekin zuen lotura. Horrela, klubeko gazteek larunbatean duten partiduan tarte bat hartuko dute De la Fuente oroitu eta omentzeko.
Txingudi Rugby Klubak Karlos De la Fuente bere jokalari ohia omenduko du larunbatean, azaroaren 7an, Plaiaundin. Urte aunitzez klubeko jokalaria izan zen, gazte mailetatik hasi eta senior taldera ailegatzeraino. Jokalari bezala erretiroa hartu zuenean, klubarekin loturik segituko zuen, batez ere gazteekin bere ezagutza partekatuz, zenbait taldeen entrenatzailea izanda. Azken urteetan, osasun arazoak medio, alde batera utzia zuen lan hori, baina ez errugbiarekin eta klubarekin zuen lotura. De la Fuente pasa den abuztuan zendu zen eta orain, Txingudi Rrugbi Klubak omenaldia eskainiko dio gazteek etxean duten partidua aprobetxatuz.
Ekitaldia larunbatean, azaroaren 7an, izanen da, 13:45ean Plaiaundin. 16 eta 18 urtez azpiko taldeek partidu bana jokatuko dute egun horretan. Gazteenak izanen dira berdegunera ateratzen lehenak eta, 14:00etan, gauza bera eginen dute nagusienek. Biak ere Gernika/Arratiko taldea jasoko dute. Karlos De la Fuenteri omenaldia berriz, bi neurketen artean eginen da, Plaiaundin errugbi egun garrantzitsu bat ospatuko dela aprobetxatuz, mugakoen aurkaria Lehen Mailara sailkatzeko postuetan borrokan ari baita.
Senior taldeak eta 14 urtez azpikoak etxetik urrun
Plaiaundiko partiduak eta ekitaldia ez da izanen Txingudi Rugby Klubeko taldeek izanen dute hitzordu bakarra. Izan ere, senior mailakoek Ligarekin segituko dute etxetik kanpo. Emakumeen kasuan, Hernaniren kontra izanen dute neurketa, larunbatean 17:00etan. Egun eta ordu berean ariko dira gizonezkoak ere, hauek Bilboren kontra. Garaipena eskuratzeko lanean ariko dira biak ala biak, oraindik ez baitute hori lortu.
14 urtez azpiko taldea berriz, Logroñora joan beharko da, Arrasate/Eibar eta Riojaren kontra lagunartekoak jokatzera.
Eskolako taldeen topaketak
Pasa den igandean, azaroaren lehenean, Hernaniko Lande zelaian Gipuzkoako eskolen topaketa ospatu zen eta bertan izan ziren Txingudi jokalariak, Bidasoako eskolak duen osasun ona berresten. 10 eta 12 urtez azpiko mailetan, Bera Berako jokalariekin elkarlanean, hainbat plakatet, entsegu eta korrikaldi egin zituzten Julenek, Liherrek, Erikek, Isaacek, Ametsek, Nathanek, Suharrek, Egoiek, Aimarrek, Mattinek, Ilargik eta Unaxek.
Eki Fanlok bere 100. partida zuzendu du Ohorezko mailan
Txingudi Rugby Klubak, azkenik, Eki Fanlo epaile irundarra zoriondu nahi izan du pasa den asteburuan Ohorezko Mailan epaitu duen bere ehungarren partida zuzendu zuelako. Bidasotarra bera ere, estuki lotua dago errugbi klubarekin eta bere pozak, taldearenak ere badirela erakutsi dute honela.