Zaisa Txingudik denboraldiko lehen garaipena eskuratzeko aukera izanen du etxean
2026/11/13
Txingudi Rugby Klubeko senior mailako gizonezkoen taldeak bihar, azaroaren 14an, jasoko du Iruña, denboraldiko lehen garaipena eskuratu ahal izateko. Neurketa 14:30ean izanen da. Ondotik, 16:30ean, emakumezkoen txanda izanen da eta hauek ere garaipenaren bila zelairatuko dira. Uribealdea izanen dute aitzinean, denboraldiko bigarren garaipena eskuratzeko, lehena etxean.
Txingudi Rugby Klubeko senior mailako taldeek bertze jardunaldi berri bat jokatuko dute asteburu honetan, oraingoan etxean, Plaiaundin. Bihar, azaroaren 14an, jokatuko dute bi taldeek. Lehenik, 14:30ean, gizonezkoen txanda izanen da, Iruñaren kontra jokatuko duten partiduarekin. Ondotik, 16:30ean, emakumeek Uribealdea jasoko dute. Biak ere garaipenaren bila zelairatuko dira; gizonezkoek denboraldiko lehena lortzeko saiakera eginen dute, emakumezkoek aldiz, denboraldiko bigarrenaren bila joanen dira, lehena etxean.
Zaisa Txingudi izanen da bihar Plaiaundin zelairatzen lehena. 14:30ean Iruñaren kontra jokatu beharreko partidua hasiko da eta denboraldiko lehen garaipena eskuratu nahi du etxeko taldeak bertan. Pasa den asteburuan gutigatik galdu zuen mugako taldeak eta beraz, motibazio horrekin helduko diote jardunaldi berriari. Puntuak lortu behar dituzte bidasotarrek igoera postuetan sailkatu nahi badira eta horretarako aukera paregabea dute etxean. Hala ere, ez da erronka erraza izanen, nafarrak sailkapeneko bigarren postuan daudelako eta bi garaipen segidan lortzetik datozelako Plaiaundira.
Txingudi senior mailako emakumeei dagokionez, bihar 16:30ean, jokatuko dute Uribealdea taldearen kontra Plaiaundin. Mugakoek lau puntu poltsikoratu zituzten pasa den asteburuan Hernanin, bertan denboraldiko lehen garaipena lortu ondotik. Bizkaitarrak bi puntura dituzte eta beraz, beraien aurkari zuzenak dira momentu honetan. Garaipena eskuratuz gero, mugako taldea zazpigarren postuan kokatuko litzateke. Hori izanen da helburua, etxeko lehen garaipena eskuratzeaz gain.
Harrobiari dagokionez, 16 eta 18 urtez azpiko taldeek Getxon jokatuko dute bertako B taldeen kontra. Biak indartsu dabiltza ligako lehenengo fasean eta Euskal txapelketetako lehenengo mailetara sailkatzeko aukera dute. Getxoko bigarren taldeen aurka jokatzen badute ere, ezin dira fidatu bizkaitarrek estatuko harrobi onenetakoa dute-eta.