Txingudik denboraldiko lehen garaipena eskuratu zuen Hernanin

2026/11/10
Txingudi Rugby Klubeko senior mailako emakumeen taldeak 39-41eko markagailuarekin garaitu zuen Hernani asteburuan, denboraldiko bere lehen garaipena eskuratuz. Horrela, sailkapeneko azken postua utzi du mugako taldeak, lau puntu batuta guztira. Zaisa Txingudi senior mailako gizonezkoen taldeak ez zuen garaipena eskuratu, baina hurbil ibili zen, 40-39ko markagailu estuarekin bukatuz Uni Bilboren kontrako partidua.
Txingudik denboraldiko lehen garaipena eskuratu zuen Hernanin
Txingudi RC
Txingudi Rugby Klubeko senior mailako emakumeen taldeak 39-41eko markagailuarekin eskuratu zuen garaipena, pasa den asteburuan, Hernaniren kontra. Denboraldiko lehen garaipena eskuratu du honela taldeak eta sailkapeneko azken postua utzi du, lau puntu batuta guztira. Lehen minututik nabaritu zen garaipena eskuratzeko taldeak zuen grina. Aitzinean aurkari zaila zuela zekien, eta horregatik, hasieratik lehiakor zelairatu ziren mugakoak. Bigarren minutuan lortu zuten aitzina hartzea markagailuan. Leire Muñozek egindako zigol kolpe baten ondorioz, Maria Adonek batu zituen lehen puntuak, 0-5ekoa jartzeko. Hernanik Ligako melé indartsuenetako bat du eta Txingudik bazekien azkar jokatu behar zuela puntuak eskuratu ahal izateko. Horrela egin zuen eta zortzigarren minutuan, Adonek berak aldea handitu zuen bertze marka batekin (0-10). Zortzi minutu beranduago, etxekoek aldea murriztu zuten, 5-10ekoa ezarriz, baina bisitariak ez ziren kikildu eta hiru laurdenek kateatutako jokaldi batekin, Clara Villemianek hirugarren entsegua lortu zuen (5-15). Adon izan zen berriz ere protagonista, hurrengo sakean, eta hernaniarren defentsa hautsiz, bere hirugarren marka lortu zuen, Muñozek eraldatu zuena (5-22). Etxekoek ez zuten amore eman, eta bigarren entsegua lortzeko gai ere izan ziren, 10-22koarekin joanez atsedenaldira. Aldageletatik bueltan, hernaniarrek garaipena eskuratu nahi zutela erakutsi zuten segidan eta, entsegu eta eraldaketa batekin, 17-22koa ezarri zuten. Mugako taldeak azkar erantzun zuen eta Adonek, bertze entsegu batekin lortu zuen taldearen dinamika onari segidan ematea (17-27). Hortik aitzinera, nekea nabaria zen bisitarien artean eta jokoaren intentsitateak behera egin zuen. Hernanik ongi aprobetxatu zuen hori eta markagailuan aitzinetik jartzea lortu zuen, hiru entsegu eta bi eraldaketarekin (34-27). Nekatuta, baina besoak jeitsi gabe, bidasotarrek erreakzio ona izan zuten eta, Adonen entseguekin eta Muñosen ostikadekin, bi entsegu eta bi eraldaketa lortu eta emaitza kontrolpean eduki zuten berriro (34-41). Etxekoek aldea murriztu zuten azken minutuetan, beraien zazpigarren entseguarekin, baina ez zen nahikoa izan markagailua iraultzeko eta azkenik, 39-41eko behin-betiko emaitzarekin bukatu zen neurketa. Txingudik denboraldiko lehen garaipena eskuratu du honela eta sailkapeneko azken postua gibelean utzi du. Lau puntu ditu orain guztira eta zortzigarren postuan kokatua dago. Emaitza honek taldeari emanen dion motibazioa baliatuta bueltatuko da taldea Plaiaundin jokatzera. Bere aurkari zuzena den Uribealdea hartuko du larunbatean, azaroaren 14an, 16:30ean. Aurkaria zazpigarren postuan dago eta sei puntu ditu guztira sailkapenean, mugako taldeak baina bi gehiago. Zaisa Txingudi garaipenetik hurbil ibili zen Senior mailako gizonezkoen taldeak berriz, 40-39ko markagailu estuarekin galdu zuen Uni Bilbo C taldearen kontra. Partidu zaila izan zen hau ere, eta horrela aurreikusia zuen mugako taldeak, azken denboraldietan gertatu bezala, defentsan aritzeko zailtasunak izanen zituztela jakinda. Zailtasunak zailtasun, bidasotarrak izan ziren puntuak batzen lehenak, Rafa Sanchezek seigarren minutuan lortutako entsegu batekin (0-5). Etxekoek berriz, alboko sake batean prestatutako jokaldi batekin, berdinketa lortu zuen segidan. Zaisa Txingudik ez zuen amore eman eta partidua beraien alde jartzeko borrokan segitu zuten lortu arte. “Lutxo” Echevarriak entsegua eta eraldaketa eginda, 5-12koa ezarri zuen markagailuan. Hala ere, honek ez zuen gehiegi iraun, bilbotarrek mugakoen defentsa birritan zulatu baitzuten hurrengo minutuetan (19-12). Bi taldeak parekatuak zeuden zelaian eta detaileetan ari zen erabakitzen neurketa. Horrela, Echevarriak aurkariaren akats bat aprobetxatuz, neurketa berdindu zuen (19-19). Atsedenaldira bidean ere, modu berean aritu ziren hartu-emanean. Uni Bilbok marka eraldatu bat egin eta berriz ere beraien alde jarri zuen emaitza, baina bidasotarrek, Joao Costaren bidez, aldea murriztu zuten 26-24koarekin joanez aldageletara. Bigarren zatia hamalau jokalarirekin hasi zuen Zaisa Txingudik, lehen zatiko azken minutuetan Roman Solisek txartel horia jaso zuelako. Hala ere, ildo beretik segitu zuten jokoan bi taldeak eta puntuak batzen lehena etxeko taldea izan zen, entsegua eta eraldaketa eginez (33-24). Bost minutu beranduago, bidasotarrek aldea murriztea lortu zuten Aritz Rodriguezek egindako entseguarekin (33-29). Amore eman gabe, Uni Bilbok bere azken puntuak batu zituen hurrengo jokaldian, 40-29koa lortuz, eta neurketan izandako alderik handiena ipiniz. Azken minutuetan, aurkariaren errenta hau deuseztatzea izan zen bidasotarren helburua eta ia lortuta bueltatu ziren etxera. Bi entsegu egin behar zituen taldeak hori erdiesteko eta Rodriguezek egin zuen horietako lehena, 40-34koa ezarriz markagailuan. Azken jokaldian, Xabi Sanchezek bigarren entsegua ere lortu zuen, baina ezin izan zuten eraldaketarekin asmatu, beraz garaipenetik puntu bakarrera gelditu zen talde bisitaria, 40-39ko behin-betiko emaitzarekin. Txingudik ez zuen irabazi eta sailkapeneko azken postuan segitzen du, bi punturekin. Hala ere, garaipena hurbil ikusi zuen taldeak eta hurrengo hitzorduan, etxean, hori lortzeko helburu garbia izanen dute. Hain zuzen ere, larunbatean, 14:30ean, ariko da senior mailako gizonezkoen taldea, Iruñaren kontra. Harrobiko taldeen arrakasta 16 eta 18 urtez azpiko taldeek garaipen bana eskuratu zuten Plaiaundin pasa den asteburuan, biak ere Gernika/Arratiko taldearen kontra. Gazteenek 38-19ko markagailuarekin lortu zuten irabaztea eta Ligako laugarren postuan kokatu dira, bigarren fasea lehenengo mailan jokatzeko aukera ematen dien postuan hain zuzen ere. Nagusienek berriz, 43-28ko emaitzarekin garaitu zuten aurkaria eta beraien multzoko sailkapeneko hirugarren postuan kokatu dira orain. Bi garaipen hauek ezin hobe egokitu zitzaizkien Karlos de la Fuenteri merezitako omenaldia eskaintzeko. Bi neurketen artean kokatu zen pasa den abuztuan zendutako klubeko jokalari eta entrenatzaile oihari egindako omenaldia.