Biok Txingudik garaipenik batu gabe segitzen du denboraldi hasiera honetan
Txingudi Rugby Klubeko Biok Txingudik 70-7ko markagailuarekin galdu zuen Gipuzkoa Sortzen taldearen kontra. Euskal Ligako talde sendoenetako baten etxera joan ziren mugakoak eta, espero bezala, partidu gogorra jokatu zuten lehen minututik. Sortzenek segidan ireki zuen markagailua lehen puntuekin eta dagoeneko alde nabarmena lortu zuen hamahirugarren minuturako, hiru entsegu eraldatu eginda (21-0). Bidasotarrek ez zituzten besoak jeitsi eta defentsa lanean oinarritu zuten euren lana. Hala ere, aurkariak zuloak aurkitu zituzten puntuak gehitzen segitzeko eta bertze marka eta eraldaketa batekin, 28-0koa ezarri zuten emaitzean. Txingudik gainera, jokalari bat galdu zuen, Lur Gastonek lesionatuta zelaia utzi behar izan zuelako. Lehen zatiko azken minutuetan, etxeko taldeak aldea handitu zuen, bertze bi entsegu gehiagorekin eta atsedenaldira, 38-0ekoarekin joan ziren bi taldeak.
Bigarren zatian, Biok Txingudiri kosta egin zitzaion partiduan sartzea eta bitartean, Sortzenek zazpigarren entsegua lortu zuen (43-0). Bertze zorigaiztoko egoera bat jasan zuen orduan mugako taldeak, Onintza Burgera lesionatu baitzen eta bidasotarrak hamalau jokalarirekn gelditu ziren zelaian. Amore eman gabe lanean segitu zuen talde bisitariak eta ohorezko puntuak eskuratu zituen hurrengo minutuetan, Leire Muñoz Caok egindako entsegu eta eraldaketarekin (43-7). Ez zen nahiko izan ordea, aurkariaren indarra baretzeko, etxekoek azkar erantzun eta bertze hiru entsegu eta eraldaketa batekin, 60-7koa ezarri baitzuten. Azken minutuetan gainera, bertze bi marka eginez, behin-betiko 70-7ko markagailuarekin bukatu zen neurketa.
Denboraldi hasiera gogorra izaten ari da Biok Txingudi eta garaipenik batu gabe segitzen du. Heldu den asteburuan atsedenaldia izanen du taldeak eta azaroaren 30ean izanen du hurrengo aukera lehen puntuak batzeko, Getxoren kontra jokatuko duen partiduan hain zuzen ere.
Harrobiko taldeen emaitzak
14 urtez azpiko taldeak ere porrot egin zuen Gasteizen, Gaztedi taldearen kontra, 39-12ko markagailuarekin galduz. 16 urtez azpikoek berriz, zirrara handiko partidua jokatu zuten Donostian, Bera Beraren kontra, baina hauek ere 7-5 galdu zuten Euskadiko txapeldunordearen kontra. Azkenik, 18 urtez azpikoek Bera Bera bisitatuko zuten baita ere eta 95-0eko markagailuarekin galdu egin zuen hauek ere.