Biok Txingudik Sortzen hartuko du larunbatean Plaiaundin

2026/02/05
Atsedenaldiaren ondotik, lehiaketara bueltatuko da Txingudi Rugby Klubeko senior mailako emakumeen taldea. Plaiaundin jokatuko du denboraldiko hamargarren jardunaldia eta Sortzen izanen da mugakoen aurkaria, larunbatean (otsailaren 7an), 16:00etan. Lehen puntuak poltsikoratzeko momentua aprobetxatu beharko dute bidasotarrek, hirugarren sailkatu gogorraren kontra.
Biok Txingudik Sortzen hartuko du larunbatean Plaiaundin
Txingudi RC
Txingudi Rugby Klubeko Biok Txingudi, atsedenaren ondotik, lehiaketara bueltatuko da larunbat honetan. Sortzen jasoko du denboraldiko hamargarren jardunaldia jokatzeko, otsailaren 7an, 16:00etan. Mugako taldeak aukera paregabea izanen du etxean denboraldiko lehen puntuak poltsikoratzeko, baina aurkariak ez dizkio gauzak erraz jarriko, sailkapeneko hirugarren postuan kokatua baitago, bigarren postutik bortz puntura. Biok Txingudik erronka zaila izanen du asteburu honetan, baina horrek ere motibazioz betetzen ditu jokalariak. Gogoz daude orain arteko jardunaldietan jasotako porrotei buelta emateko eta entrenamenduetan landutakoa ere zelairatzeko. Jokalari gazteek bilakaera nabarmena izan baitute azken asteetako lanean eta joko hobea ere erakutsi dute. Hori guztia erakusteko momentua izanen da larunbatean, 16:00etan, etxeko zaleen babesarekin batera. Bertze taldeen hitzorduak 16 urtez azpiko taldea ere Plaiaundin arituko da asteburu honetan, zehazki larunbatean, emakume seniorrek aitzinetik. Gaztedi jasoko dute hauek, 10:30ean, eta irabaztea ezinbertzekoa izanen zaie, Euskal Ligako titulua lortzeko bidean. Azkenik, 18 urtez azpiko Gabiria Txingudi/Baztan taldeak etxetik kanpo jokatuko du oraingoan. Uni Bilbo bisitatuko dute hauek, larunbatean ere, 15:45ean.