Bortzirietako futbol talde nagusiek ez dute garaipenik batu asteburuan

2025/10/21
Gipuzkoako Ohorezko Erregional mailan ari den Beti Gaztek bana berdinduta bukatu zuen, Txerloian, Anaitasunaren kontra jokatutako neurketan. Liga berean, baina Erregionaleko lehen mailan jokatzen duen Gure Txokoak berriz, 5-0 galdu zuen Amara Berri taldearen kontra. Heldu den asteburuan bi taldeak ere hiru puntuak eskuratzeko borrokan ibili dira.
Bortzirietako futbol talde nagusiek ez dute garaipenik batu asteburuan

Gipuzkoako Ligan ari diren Bortzirietako bi taldeak garaipenik batu gabe bueltatu ziren etxera pasa den asteburuan. Ohorezko Erregional mailako Beti Gaztek bana berdindu zuen Anaitasunarekin eta Erregionaleko lehen mailako Gure Txokoak berriz, 5-0 galdu zuen Amara Berriren kontra. Bi taldeko entrenatzaileak kritiko azaldu dira euren jokalariek egindako lanarekin, nahiz eta biak ere itxaropentsu agertu diren heldu diren asteburuetan, lanean jarraitu ondotik, emaitza onak biltzeko. 

Lesakako Beti Gaztek bana berdindu zuen pasa den larunbatean, urriaren 18an, Anaitasunaren kontra. Txerloian ospatu zen neurketa eta aldez aitzinetik, taldeak bazekien aurkari eta eszenatoki zaila izanen zirela. Aurreikuspenak beteta, Eneko Ferradas entrenatzaileak onartu bezala, “konplexua eta intentsitate handikoa” izan zen jardunaldia. Kanpo baldintzek ere ez zuten lagundu, “belar naturaleko zelaia” baita, eta “oso handia”. Horrez gain, aurkariak ere gogortu zuen norgehiagoka eta hasieratik erakutsi zuen bere nagusitasuna: “Talde potente bat genuen aurrean eta etxean oso sendo aritzen dira. Lehen zatian ez ginen gai izan gure jokoa ezartzeko. Aurkaria nagusi izan zen, baloiaren jabetzan, baita espazio antolaketan ere”. Hain zuzen ere, horrela ailegatu zen etxekoen lehen gola. Aukera gehiago ere izan zituztela jakinarazi du Ferradasek, baina ez zituztela gauzatu eta beraz, lesakarrentzat berri ona izan zen hori. Animoan eragina izan zuen markagailuari bere horretan eustea eta abagunean sortzen ere hasi ziren bisitariak: “Atsedenaldira bi aukera garbi sortuta iritsi ginen eta hori ona izan zen animikoki, nahiz eta beraiek oso nagusi izan eta gure ideia edo jokoa ez erakutsi”. 

Aldageletan “autokritika” egin zuen taldeak eta “planteamenduan aldaketa” batzuk ere egin zituzten. Eragin positiboa izan zuen guzti horrek jokalariengan eta bi taldeen artean “oreka handiagoa” somatu zen zelaian. Horrela, eginez eta ekinez, ailegatu zen Beti Gazteren gola: “80. minutuaren bueltan izan zen eta Aritz Lizarrondok areaz kanpo sartu zuen gola. Hortik aurrera, neurketa parekatu zen eta aukera gehiago ere izan genituen”. Abagune hauek ez zuten aterik ikusi, ezta azkoitiarrenek ere. Azkenean, banako berdinketa horrekin bukatu zen partidua eta puntuak banatu zituzten bi taldeek. Ferradasek positibotzat jo du puntu hau lortzea: “Puntua ona da, nahiz eta beraiek gehiago merezi. Taldeari erakusten dio partidu on bat egiten ez dugunean, oso garrantzitsua dela sufritzen jakitea eta borrokatzen segitzea. Etxetik kanpo eta zelai naturalean hori lortzea ona da”. Hala ere, lanean segitu behar dutela ere onartu du entrenatzaileak, heldu den asteburuan “Mastegin indartsu egoteko”. Orioko jasoko dute (urriaren 26an, 17:00etan), indartsu dagoen bertze talde bat prestatzailearen iritziz. Horrela, Txerloian lortutako "puntua ona izanen da, baldin eta igandean etxean puntuak lortzen” baditu Lesakako taldeak. 

Gure Txokoak porrot egin zuen Amara Berriren kontra

Berako Gure Txokoak ez zuen zorterik eduki pasa den larunbateko partiduan. Amara Berri bisitatuko zuen taldeak eta 5-0eko markagailuarekin galdu zuen bertan. Mikel Esnaola entrenatzaileak adierazi duenez, “partidu gogorra eta kolpe latza” izan zen bertan puntuak galtzen, batez ere “animikoki”. Lehen zatian galdu zuten beratarrek dagoeneko neurketa, 4-0ekoarekin joan baitziren atsedenaldira. “Hasiera nahiko parekatua izan zen, bi taldeek aukerak sortu genituen”, jakinarazi du prestatzaileak. Hala ere, lehen gola aurkariarena izan zen: “Guk baloia atera genuen batean galdu genuen jokaldia eta gola sartu ziguten. Hartzen dugun arriskua da eta bagenekien noizbait gertatuko zela. Edonola ere, ez dut deus zuzentzekorik, jokaldi honek gehiago ematen digulako kendu baino”. Bertze golak “sendotasun faltak” izan zirela onartu du Esnaolak eta laugarrenean gainera, jokalari bat galdu zutela, falta baten ondotik. Bigarren zatia beraz, bat gutiagorekin, “gogorra” izan zen beratarrentzat, baina "azken momentura arte borrokan segitu zutela ere azpimarratu du entrenatzaileak”. Partiduaren bukaeran azken gola jaso zuten eta honela, 5-0ekoarekin galdu zuten azkenean. Porrotaren ondotik, hala ere, itxaropentsu azaldu da Esnaola, akatsak zuzentzeko gogoz, emaitza onak biltzeko esperoan. Heldu den asteburuan berriz ere kanpoan ariko da Gure Txokoa, Behobiaren Bren kontra (urriaren 26an, 19:00etan).