Charlie Meredithek (Eulen NUUK) garaipena errepikatu zuen Irunen eta Marc Torres (Cortizo) izan zen Bidasoa Itzuliaren irabazlea

2025/05/11
Hendaian hasi eta Irunen bukatu zen 51. Bidasoa Itzuliko hirugarren eta azken etapa. 102 kilometroetan Guadalupe, Gurutze, Aritxulegi, Agiña, Piedad, San Martzial eta Erlaitz gaindituta, Charlie Meredith (Eulen NUUK) izan zen garaipena lortu zuena Kolon Pasealekuan, edizio honetan bigarren aldiz. Sailkapen orokorreko garailea berriz, Marc Torres (Cortizo) izan zen, momentu egokian bere hoberena emateko prest egon zena.
Charlie Meredithek (Eulen NUUK) garaipena errepikatu zuen Irunen eta Marc Torres (Cortizo) izan zen Bidasoa Itzuliaren irabazlea

Hendaian hasi zuen 2025eko Bidasoa Itzuliko tropelak probaren hirugarren eta azken eguna. Urteroko menua zuten azken jardunaldirako, 102 kilometro gogor eta exijente. Guztira zazpi mendate gainditu behar zituzten atzokoan txirrindulariek: Gurutze (3. maila), Aritxulegi (1, maila), Agiña (1. maila), Piedad (3. maila), San Martzial (2. maila) eta Erlaitz (1. maila). Hasieratik nabaritu zen mugimendua taldean eta ohikoa ez den eguneko ihesaldia sortu zen lehen kilometroetan. Zenbait txirrindulari jakitun ziren azken etapa honetan erabakiko zela guztia eta aitzinean egotea mesedegarria izanen zela behin-betiko maillot horia eskuratzeko. 

Hondarribiako Mendelu auzoan hasi zen benetako lehia, tarte neutralizatua bukatu zenean. Pare bat txirrindularik erasoa jo eta, Guadalupe mendatearen hasieran, zazpiko taldea osatu zen, geroago eguneko ihesaldian bilakatuko zena. Sailkapen orokorrari begira, aukerak zituzten zenbait lasterkeri zeuden bertan: Seppe Leman (DL Chemicals), Manuel Rodriguez (Supermercados Froiz), Mario Gomez (Gomur), Aitor Agirre (Euskadi), Marc Rubirola, Ellande Larronde (Caja Rural Alea) eta Oscar Fuentes (Cortizo). 45 segunduko aldea lortu zuten segidan tropelarekin eta, poliki-poliki, 1:20koa izan zen lasterketa buruaren abantaila. 

Gurutzera bidean, eguneko bigarren mendatean, tropeletik bertze taldetxo batek jo zuen erasoa eta lehen taldeari segika hasi zen. Oscar Vian (Gomur), Albert Muntanya (Telcom) eta Gabriel Layrac (AVC) ziren horiek, Aritxulegin lehen taldeko zenbait txirrindularekin elkartu zirenak gainera. Hain zuzen ere, lasterketa burutik, Rodriguez, Gomez eta Fuentes gibelera egin zuten eta jarraitzaileekin bat egin zuten, baita Xabat Manso oiartzuarrarekin ere (Eulen NUUK). Lemanek, Agirrek, Rubirolak eta Larrondek egin zuten aitzinera, Agiñara, eta bi minutuko aldea hartu zuten tropelarekin, etapa guztian zehar Finisherrek kontrolpean eduki zuena. Lesakatik pasatuta, Piedad zuten hurrengo mendatea eta bertan ere, modu berean pasatu ziren, nahiz eta lasterketa buruak abantaila handitu eta 2:40 minutuko tartea atera tropelari. 

Beratik Gipuzkoarako bidea hartu zuen lasterketak eta eguneko azken bi mendateak izan zituzten begi bistan txirrindulariek. Urteroko moduan, San Martzial eta Erlaitz izan ziren garaipenak erabaki zituztenak, bertan xehetu baitzen guztiz proba. Lasterketa buruak (Leman, Agirre, Rubirola eta Larronde) aitzinera segitu zuen, baina jarraitzaileen taldea desegiten joan zen, tropelak erritmoa hartzen zuen bitartean. Finisherrek burua hotz mantendu zuen azken momentura arte, ia hiru minutuko alde horri eutsita, eta behar zenean hor egon zen lasterketa burua harrapatzeko saiakera egiteko, tartean jarraitzailek irentsiz banaka. 

Erlaitz igotzen hasi ziren orduan, eguneko azken erronka handia. Lasterketa buruan Agirrek eta Larrondek arazoak zituzten bitartean, tropeletik Marc Torresek (Cortizo), Charlie Meredithek (Eulen NUUK), Unai Ramosek (Finisher) eta Nael Rouffiacek (AVC) jo zuten erasora. Erritmo altua ezarriz, lasterketa burutik gibelera joandako txirrindulariak ezkerretik pasatzen hasi ziren. Marc Rubirolak (Caja Rural), Gabriel Layracek (AVC) eta Seppe Lemanek (DL Chemicals) mantentzen zuten buruzagitza, baina denbora gutxiz izan zen hori, jarraitzaileek segidan hartu zituztelako azken mendatea gaindituta. 

Azken kilometroak tentsio handikoak izan ziren, Erlaitz jeisterakoan erorikoak izan zirelako eta lasterketa guztiz moztu zelako. Rubirola eta Leman gibelean gelditu ziren, eta erasoa jo zuten lau txirrindulariek aitzinera egin zuten, Irunera bitarte tropelarekin lortu zuten 50 segunduko abantaila mantenduz. Irunen sartzekoan hasi zen lehia lau lasterkarien artean. Kolon Pasealekua begi bistan zutenean hasi ziren elkarri begira, nork joko ote zuen erasoa euren buruari galdetuz. Azkenean, lehen etapako irabazlea izan zen Meredithek egin zuen saiakera eta Ramosek gibeletik segitu zion, nahiz eta nafarrak ezin izan zuen ingelesak hartutako metroak murriztu. Horrela, Irungo azken helmugan besoak altxatu zituena Meredith izan zen, Bidasoa Itzuliko bigarren garaipena lortuz. Gibeletik eta denbora berean, Ramos, Layrac eta Torres helmugaratu ziren. Cortizo taldeko azken txirrindulari hau izan zen Bidasoa Itzuliko sailkapen orokorreko irabazlea, momentu egokian erasoa jo zuena eta zentzuarekin jokatu zuena estatuko afizionatu mailako garaileen zerrenda historian bere izena sartuz. Podiumean ondoan eduki zituen Charlie Meredith (Eulen NUUK) eta Unai Ramos (Finisher), beraiek izan baitziren Bidasoa Itzuliko bigarren eta hirugarren sailkatuak, hurrenez hurren. 

Bertze sariei dagokionez, mendiko sailkapen orokorra Marc Rubirolak (Caja Rural Alea) eskuratu zuen, tarteko helmugetakoa Jose Maria Martinek (Extremadura) eta taldeka AVC talde frantsesa izan zen irabazlea. Gazteenetan berriz, Luis Alberto Lajarin (Finisher) nagusitu zen; euskaldunetan, bere taldekide Unai Ramos izan zen onena; eta azkenik, Gipuzkoarren artean, Igor Iriarte (Eulen NUUK) izan zen garaipena eskuratu zuena. 

51. edizioaren balorazio positiboa

Hilabeteetako prestaketen ondotik, azkar pasa da 2025eko Bidasoa Itzulia, eragozpen gutxiko lasterketa izan denaren seinale. Jorge Garcia lasterketaren zuzendariak adierazi zuenez, “esfortzu ikaragarria egin dugu eta ateratzea lortu dugu. Azkar pasa da, txirrindulariak ere azkar joan direlako bi egunetan. Ez da batere luze joan eta horrekin geratu behar gara”. Azken etapari dagokionez, “egun polita” izan zela onartu zuen Garciak. Normalean osatzen ez den eguneko ihesaldia nabarmendu zuen eta aurtengo edizioak ere merezitako irabazleak izan zituela. Aitzinera begira jarri da dagoeneko zuzendaria eta datorren urteko zenbait zantzu utzi zituen airean: “Podiumaren atzean solasean egon gara. Datak nola antolatu aipatu dugu. Guk gurera bueltatu nahi dugu eta hori landuko dugu, baita aldarrikatu ere. Gauzak lagun, hemendik aurrera, Bidasoa Itzuli hobe bat egiten saiatuko gara”.

Beti bada hobetzeko zerbait, nahiz eta aurten egindakoa ere nahi bezala atera den. Garaikurrak banatuta, zenbait lasterkarik euren izena imprimatu dute txirrindularitzaren historikoan eta antolatzaileek ere, hori gertatzen segitzeko, euren aldeko guztia ezarriko dute etorkizunean ere.