Denboraldiaren balorazio positiboa egin du Txingudi Rugby Klubak

2025/05/15
Senior mailako taldeen artean, Biok Txingudik denboraldi historikoa egin du aurten, Euskadiko txapelketako final laurdenetara sailkapena lortu baitu. Zaisa Txingudik berriz, maila ona erakutsi badu ere, denboraldia zaildu egin zaio jokalari gutirekin jokatu behar izan baitu zati handi batean.
Denboraldiaren balorazio positiboa egin du Txingudi Rugby Klubak

2024/25 denboraldia bukatuta, honen balorazioa egin du Txingudi Rugby Klubak. Emaitza gazi-gozoak lortu dituzte aurtengoan, baina sentsazio positiboekin bukatu dute ikasturtea, Biok Txingudi senior mailako emakumeak helburu guztiak lortuta, eta Zaisa Txingudi senior mailako gizonezkoak zailtasunei aitzin eginda. 

Biok Txingudik debut gazi-gozoa izan zuela oroitu du Txingudi Rugby Taldeak. 2023/24 denboraldian, lehen aldiz txapelketa ofiziala jokatu zutenean, zortzigarren postuan sailkatu zen taldea. Bigarren denboraldiari begira, aldaketa batzuk egin zituzten eta horiek nabariak izan dira, jarreran, errendimenduan eta emaitzetan eragin zuzena izan baitute. Ligan parte hartzea ta bertan lehiakor izatea zen helburu nagusia, baina emaitza bikainak lortuta Euskadiko Ligako play-offak jokatzeko aukera irabazi zuten irundarrek eta beraz, helburuak soberan lortu dituztela iritzi diote. 

Asier Gonzalez, Alejandro Lasa eta Patxi Artolak taldearen gidaritzan errepikatu zuten bertze urte batez, Euskadiko lehenengo mailara sailkatzeko helburuarekin. Gonzalezen hitzetan, “aurredenboraldian jada, jokalariek argi zuten lehiatu nahi zutela eta, ondorioz, exijentzia mailak gora egin behar zuen. Jokalari guztiek dinamika berria jarraitu ahal izan dute eta talde oso lehiakorrak zelairatu ditugu urte osoan zehar”.

Lehenengo jardunaldian Eibarren garaipen sendoa lortu ondotik, Durangori gauzak zail jarri zizkion taldeak Plaiaundin. Logroñon bertze bost puntu gehitu, eta Gasteizen sufritzea tokatu zitzaien. Sailkapenean eraginik ez zuen norgehiagoka Uni Bilbo Bren kontra jokatu eta denboraldiko lehen finala jokatu behar izan zuten Plaiaundin, Elorrio/Urgozoren kontra. Bi taldeek partida ikaragarria jokatu zuten, azkeneko jokaldian etxekoek irabazi zutena.

Lortutakoaz gozatzeko aukerarik ez zuten izan ia, zazpi egun beranduago bigarren fasearen lehenengo partida jokatu behar izan baizuten Getxon. Zorionez, erronka berrirako prest zegoen Biok Txingudi eta puntuak Plaiaundira joan ziren. Hurrengo hiru jardunaldietan, ligako talderik sendoenek ez zuten errukirik izan eta porrot gogorrak jaso zituen Txingudik. Hala ere, bi garaipen segidan iritsi ziren ondoren, etxean, La Unica eta Neskak Loratzenen kontra, hurrenez hurren. 

Martxoaren 8an, Cristina Laborda alkateak ohorezko sakea egin zuen Gaztediren kontra Plaiaundin jokatu zen partidan, baina Biok Txingudik ezin izan zuen arabarrekin, 60. minutura arte partida berdinduta egon bazen ere. Bilbon jipoia jaso ondoren, garaipenak eskuetatik ihes egin zien Durangoren kontra etxean. Azkene partiduan, Iruñean, ligako laugarren postua lortzeko, borrokatu behar izan zuen taldeak eta horren ondotik, Euskal ligan historian lortutako sailkapenik onena lortu zuen, play-offera sarbidea eskuratuz ere. Final laurdenetan, Durangoren aurka jokatzea egokitu zitzaien eta bizkaitarrek ez zuten errukirik izan mugakoekin. 75-12ko markagailuarekin irabazi zuten, Txingudi kanporatuz honela.

Denboraldi historikoa izan da beltz eta txurientzat, beraien aurrekari izan zen emakumeen RC Irunek 1996/97 denboraldian lortutako seigarren postuaren gainetik bukatuz, eta Gipuzkoako bigarren talderik onena bilakatuz, Estatuko Ohorezko B Mailan aritzen den Eibar Rugby Taldearen gibeletik. Enara Arruti izan da puntu eta entsegu gehien lortu dituen jokalaria, 80 puntu eta 12 marka lortuz. Horrez gain, bertze hamasei jokalarik punturen bat lortu dute denboraldian zehar Biok Txingudirentzat. Hemendik aitzinera, entrenamenduen intentsitateak behera eginen badu ere, senior taldeek ez dute atsedenik izanen, denboraldi bukaerako ekimenei begira baitaude jokalariak.

Zaisa Txingudi jokalari gutirekin lehiakor izatera behartua

Denboraldia zaila izanen zela bazekiten Iñigo Camarero “Kamata” eta Leire Muñoz Cao entrenatzaileek, hogeita bi jokalari baino ez baitituzte izan eskuragarri denboraldi osoan zehar. Camareroren hitzetan, “aldaketarik gabe edo hamabost jokalari baino gutxiagorekin aritzea ohikoa izan zaigu aurten, tamalez, baina harro egon gaitezke egindako lanagatik, partida guztietan ausardiaz aritu dira jokalariak, dena eman dute eta lortutako puntu guztiek aparteko lana izan dute atzean”. Jokalariek azpimarratu dutenez “Leirek ekarritako dinamika berriak eta Kamatak duen taldearen ezagutza modu paregabean konbinatu dira, asko ikasteko aukera izan dugu eta zelaian erakusten saiatu gara.”

Bukatu berri den denboraldia taularen erdialdean bukatzea zuen helburu Zaisa Txingudik eta, denboraldia hiru porrotekin hasi bazuten ere, sentsazioak onak izan ziren lehenengo momentutik. Laugarren jardunaldian, Mungian lehenengo puntuak eskuratu zituen, azken minutuetan markagailua irauli ondoren, eta hurrengo bi partiduetan, hamabi jokalarirekin aritu behar izan zen taldea, Logroñon eta Lasarten, 80 puntu baino gehiago jasoz bi norgehiagoketan.

Edonola ere, ez zuten amore eman eta taldeak guztiz kohesionatuta jokatu zuen Igorren, denboraldiko bigarren garaipena lortuz. 2025. urtearen hasieran sailkapeneko goiko postuetako taldeen kontra jokatzea egokitu zitzaiok Zaisa Txingudiri eta honen ondotik,  otsailean, Plaiaudin lortutako lehen garaipena ailegatu zen, Gaztedi Bren aurka. Horren ostean, Bilbon egindako bost entseguek ez zuten balio izan garaipena eskuratzeko eta Ohorezko B Mailan jokatzera ohituta dauden hainbat jokalariren bisita izan zuten Irunen, Uribealdearen eskutik. Orereta Rugby Taldearen elastiko gorria jantzi zuen Txingudik Sortzen C/Beltzaken aurka garaipen berri bat eskuratzeko eta, hiru aste geroago, bertze bortz puntu eskuratu zituzten Arratiko Zekorren kontra, 52-26ko markagailuarekin irabaziz. Denboraldia Iruñean galtzen bukatu zuten, geroago  igoera fasea jokatu zuen La Unica Bren kontra.

Honekin guztiarkein, Zaisa Txingudik seigarren postuan bukatu Liga, 22 punturekin guztira eta bortz garaipen erdietsiz. Jokalariek 41 entsegu egin dituzte eta 110 jaso, aldeko 267 puntu eta bertze 683 kontra izanik. “Lutxo” Echevarria izan da puntu gehien egin dituen jokalaria (75), eta Juan Carlos Lora kapitaina entsegu gehien lortu dituena (7, 35 puntu). Bertze hamabi jokalarik punturen bat lortu dute denboraldian zehar.

Txingudi Rugby Klubeko gazteak oraindik lehian

Txingudi Rugby Klbueko 16 eta 18 urtez azpiko taldeek hitzordu garrantzitsu eta erabakigarria izanen dute asteburu honetan. Larunbatean, maiatzaren 17an, aldi berean ariko dira bi taldeak leku ezberdinetan. 11:00etan, Plaiaundin, Euskal Ligako 13. eta 14. postuak jokoan izanen dituzte 16 urtez azpikoak. Gernikaren kontra ariko dira, play-offaren joaneko partidu honetan eta pasa den asteburuko porrotari buelta eman nahiko diote. Izan ere, azken partiduan, garaipenak ihes egin zion taldeari azken minutuan Lekarozen eta honen ondotik, ahalik eta modu hoberenean bukatu nahi du denboraldia. 

18 urtez azpikoak berriz, Baztanen ariko dira ordu berean, Iruña RC taldearen kontra. Mugakoak sailkapeneko laugarren postuan daude, 19 punturekin guztira. Nafarrak gainetik daude, hirugarren postuan, puntu bateko aldearekin. Horrela, azken aurreko jardunaldia izanen den neurketa hau lehiatua izanen da. Taldeak Elorrion emanen dio bukaera denboraldiari, hurrengo asteburuan.