Zaisa Txingudik Uni Bilbo C jasoko du bihar Plaiaundin

2025/11/21
Txingudi Rugby Klubeko senior mailako gizonezkoen taldeak sailkapeneko goiko postuak lortzeko asmoa izanen du biharko partiduan. Orain, laugarren postuan kokatua dago eta garaipena batuta, Euskal Ligako lehen postulara hurbilduko litzateke. Aitzinean, Uni Bilbo C talde bizkaitarra izanen dute bidasotarrek eta bederatzigarren postuan badago ere, ez ditu gauzak erraz jarriko, elkarren kontra aritu diren azken bi aldietan, garaipena bizkaitarren alde erori baita.
Zaisa Txingudik Uni Bilbo C jasoko du bihar Plaiaundin
Txingudi RC

Txingudi Rugby Klubeko Zaisa Txingudi senior mailako gizonezkoen taldeak Plaiaundin jokatuko du asteburu honetan, Uni Bilbo C-ren kontra. Neurketa bihar ospatuko da, azaroaren 22an, 16:00etan. Etxeko taldeak sailkapeneko lehen postuak erdiesteko asmo garbia izanen du eta horretarako, garaipena lortzeko borrokan izanen da. Hala ere, bizkaitarrek ez dute erraz jarriko, bederatzigarren postuan badira ere, puntuak eskuratu nahiko baitituzte. Gainera, bi talde hauek elkarren kontra jokatu duten azken bi aldietan, bizkaitarrek lortu dute irabaztea. 

Mugako taldea baldintzatuta zelairatuko da biharko neurketan, zenbait lesio eta baja baititu Iñigo Camarero eta Marco Duffrechen taldeak. Jokalari bat gutiago izanen dute biharko prest, baina hala ere, ziur daude orain arteko jokoari segida eman ahal izanen diotela garaipena eskuratzeko helburu horri begira. 

Talde teknikoan aldaketak

Zaisa Txingudik aldaketak izanen ditu hemendik aitzinera bere talde teknikoan. Orain artean Leire Muñoz Cao aritu da gizonezkoen lehen taldearekin lanean, baina ardura berria izanen du emakumeen senior mailako taldeko jokalariak klubaren barrenean. Izan ere, 16 urtez azpiko taldearen teknikari berria izanen da, entrenatzaile taldearen barrenean kokatuz. Horrez gain, 17 urtez azpiko emakumeen Euskadiko selekzioarekin ere lanean arituko da Muñoz Cao, teknikari gisa.