Denboraldiko lehen garaipen lortu du Biok Txingudik
2026/04/22
Txingudi Rugby Klubeko senior mailako emakumeen taldeak denboraldiko lehen garaipena lortu zuen, pasa den asteburuan, Uni Bilbo taldearen kontra. Garaipen bitxia izan zen, aurkariak ezin izan baitzuen taldea osatu partidua jokatzeko eta beraz, Lehiaketa eta Kirol Diziplina Batzordeak mugakoei eman zien garaipena, urteko lehena.
Txingudi Rugby Klubeko senior mailako Biok Txingudi taldeak denboraldiko lehen garaipena eskuratu zuen, pasa den asteburuan, Uni Bilbo B taldearen kontra. Aurkariak, Erregina Kopako finalerdietara sailkatzearen ondorioz, ezin izan zuen talderik osatu neurketa jokatzeko, bigarren taldetik zenbait jokalari aritu baitzen bertan lehen taldearekin. Horrela, neurketa jokatzeko baldintza nahikoarik gabe, Lehiaketa eta Kirol Diziplina Batzordeak bertan behera utzi zuen norgehiagoka eta garaipena eman zion mugako taldeari, denboraldiko lehena.
Neurketa bat jokatzeko gutxieneko jokalari kopurua bederatzikoa da eta Uni Bilbok zortzi zituen, pasa den igandean Errekalden. Horrela ezinezkoa egin zitzaion Euskal Ligako partidua jokatzea, lehentasuna eman baitzioten Erregina Kopako finalerdiari. Lehiaketa eta Kirol Diziplina Batzordeak bertan behera utzi zuen neurketa eta mugako taldeari eman zion garaipena. Horrela denboraldiko lehen puntuak modu bitxian ailegatu ziren talde bidasotarrarentzat, norgehiagoka jokatu gabe eta denboraldiko azken jardunaldian gainera. Edonola ere, bi taldeek entrenamendu saio bat egin zuten Errekalden elkarrekin eta horrela borobildu zuten urtea.
Denboraldia bukatuta beraz, Batzordearen ebazpenak ez du sailkapenean eraginik izanen. Sailkapeneko azken aurreko postuan Hernani baitago, Biok Txingudi baino sei puntu gehiagorekin. Bidasotarrek neurketa bat gehiago zuten jokatzeko, heldu den asteburuan Gaztediren kontra, baina hauek Ohorezko B mailara igotzeko neurketa jokatuko dute eta beraz, uste baino lehen bukatu du mugako taldeak denboraldia.
16 urtez azpiko taldeak azken fasea jokatzeko irrikaz
16 urtez azpiko Txingudi, Baztan eta Oreretako taldeak 17-34ko markagailuarekin irabazi zuen La Unicaren kontra, pasa den larunbatean Iruñean. Lehen zatian bost entsegu eta eraldaketa bat egin zituzten bisitariek eta atsedenaldira, 12-27ko emaitzarekin ailegatu ziren. Bigarren zatian, gehiago parekatu ziren indarrak, eta entsegu bana eskuratu zuten. Hala ere, mugakoek garaipena eskuratu eta azken fasera sailkatzeko ateak oraindik irekita utzi zituzten. Sailkapeneko bostgarren postuan dago orain taldea, baina 8 eta 10 puntura ditu azken fasea jokatzeko sarbidea ematen duten postuak.
Denboraldia bukatzeko bi neurketa bertzerik ez zaie falta jokatzeko eta biak ere final modukoak izanen dira. Horietan lehena, larunbat honetan (apirilaren 25ean), jokatuko dute Gaztediren kontra, Gamarra zelaian, 10:30ean. Gasteiztarrrak hirugarren sira sailkapenean eta dagoeneko matematikoki sailkatu da azken fasea jokatzeko.
Apirileko azken asteburuko hitzorduak
Denboraldiko azken txanpan sartuak daude Txingudi Rugby Klubeko talde guztiak. 18 urtez azpikoen kasua ere hori da, Gabiria Txingudi/Baztanek maiatzaren 9an bukatuko baitu aurtengo lana. Horren aitzinetik ordea, larunbat honetan, etxean jokatuko du Euskal Ligako bigarren mailako liderraren kontra, Uni Bilbo. Neurketa gogorra izanen da, bizkaitarrak partidu bakarra galdu dutelako azken fase honetan eta erronka zaila izanen da beraz, euren indarra parekatzea. Hala ere, etxekoak maila ona erakutsi dute azken neurketetan eta gogotsu dago etxean puntuak eskuratzeko.
Gazteen partiduaz gain, Txingudiko Tokata taldea Senpereko Txapelketan ariko da asteburu honetan. Maila handiko errugbia izanen da bertako zelaian, plakajerik gabeko modalitate hau erakusteko helburuz. Bidasotarren aldetik, Nicolae Pascaru, Gorka Eizaguirre, Yon Michelena, Pako Franco, Unai Celestino, Gari Mendizabal, David Muñoz, David Gonzalez eta Iker Bereciartua ariko dira lehian.
Azkenik, Txingudi Rugby Klubeko eskolako errugbilariak Errenterian ospatiko den topaketan dira igande honetan, apirilaren 26an, 11:00etatik aitzinera. 10 eta 12 urtez azpiko Orereta, Arrasate, Soragazteak, Iruña, Ordizia eta Bera Berako jokalariekin batera ariko dira lehian Beraungo zelaian.