Denboraldiko lehen porrota Real Unionentzat

2026/09/14
Talde txuribeltzak 3-2ko markagailuarekin galdu zuen atzo Racing Ferrol taldearen kontra, denboraldiko hirugarren jardunaldian. Oraindik ez zuen porrota ezagutua Ramses Gilen taldeak eta, alde horretatik, mingarria izan zen sailkapeneko lehen postua utzi behar izatea. Hala ere, maldan gora jarri zitzaien neurketari buelta emateko gai izan ziren eta itxura ona eman zuen taldeak zelaian, igoera begiz jota izan nahi duen taldearen kontra.
Denboraldiko lehen porrota Real Unionentzat
Racing Ferrol 3
2 Real Union Club
Real Unionek 3-2ko markagailuarekin galdu zuen atzo Racing Ferrol taldearen kontra. Denboraldiko hirugarren jardunaldian ailegatu zaie txuribeltzei porrot egiteko unea, baina norabidea galdu gabe segitzen dute lanean. Mingarria izan zen sailkapeneko lidergotza utzi behar izatea, baina itxura ona emanda bueltatu dira Galiziatik. Izan ere, neurketa maldan gora jarri zitzaien bigarren zatiaren hasieran, baina luzapenean, hori ia iraultzeko gai izan ziren, azken minutura arte berdinketarengatik borrokatuz. Real Unionek eta Racing Ferrolek golik gabeko lehen zatia jokatu zuten atzo Galizian. Beñat Gaubeka jokalariak dioenez, espero zutena aurkitu zuten bertan, eta neurketa zaila izan zen, batez ere bigarren zatian. Hasi eta berehala, etxekoek aitzina hartu zuten markagailuan, Alcainari esker. Hamahiru minutu beranduago, 2-0ekoa ezarri zuen Arroyok eta, epailea arauzko denboraren bukaera adierazi behar zuenean, hirugarren gola ere ailegatu zen. 3-0ekoarekin erabakita utzia zuen Racing Ferrolek partidua, baina Real Unionek ez zuen amore eman eta luzapenean sinesten segitu zuen. Horrela, lanean segituta, 92. minutuan Mateok lortu zuen emaitzan sortutako zuloa pixka bat estaltzea. 97. minutuan, gauza bera egin zuen Galarzak. Horrela, partidua bukatuta, aldea murriztea lortu zuten txuribeltzek eta 3-2ko behin-betiko markagailuarekin galtzea. Porrot mingarria izan zen, ordura arte irabaziezina zelako talde irundarra eta sailkapeneko lehen postua utzi behar izan zuelako. Hala ere, itxura ona eman zuten talde zail eta zelai gogor batean eta, alde horretatik, momentu txarretan ere burua hotz eta garbi mantentzeko gai direla erakutsi zuten. Honen ondotik, heldu den larunbatean (irailaren 19an), Stadium Galen jokatuko du Real Unionek partidu berezia. Zelaiaren mendeurrena beteko da egun horretan eta beraz, ospatzeko Mirandes jasoko du Ramses Gilen taldeak 18:45ean.