Real Union Errege Kopako kanporaketa jokatzeko prest
2026/10/27
Talde txuribeltzak Errege Kopako lehen kanporaketa jokatuko du bihar, urriaren 28an, Portugaleteren kontra (19:00). Txapelketa berri bati hasiera emanen dio Ramses Gilen taldeak, noraino luzatuko den jakin gabe. Edonola ere, lehiaketan bidea irekitzeko, biharko neurketa gainditu beharko da lehenik eta hori izanen da Real Unionen helburua, bihar irabazi eta Stadium Galera Errege Kopako partidu bat ekartzea.
Real Unionek Errege Kopako lehen kanporaketa jokatuko du bihar, urriaren 28an, Portugalete taldearen kontra (19:00). Bigarren RFEF Mailako Euskal Herriko bertze talde bat izanen dute aurkari txuribeltzek eta ilusioz eta gogoz aitzin eginen diote erronkari. Ez da erraza izanen, talde bizkaitarra esperientzia handia duen taldea delako eta biek ere ibilbide luzea izan nahi dutelako txapelketa berri honetan. Hala ere, Real Union prest dago neurketa gainditu eta Errege Kopako bere parte hartzea luzatzeko.
Errege Kopa lehen kanporaketa hau “txapelketa desberdin bat eta partidu desberdin bat” dela aitortu du Ramses Gil Real Uniongo entrenatzaileak. Berezia ere bada, “denboraldiko neurketarik garrantzitsuenetako bat” baita bere iritziz. Zailtasun gehigarri hori kontuan edukita eginen diote aurre biharko erronkari: “Errege Kopan egotea iaz egindako lan onaren oparia da. Ikaragarria da hor egotea eta kanporaketa gainditzen saiatuko gara, Galera Kopako partidu bat ekarri ahal izateko. Bihar garaipenik lortu gabe ez dago etorkizunik”.
Etorkizuna izateko beraz, biharko neurketan irabazi behar du Real Unionek eta “gogoz eta ilusioz” dago hori lortzeko saiakera egiteko. Hala ere, Gilek onartu du ez dela partidu erraza izanen: “Neurketa oso zaila da biharkoa. Gure mailarik onenean ez bagaude, ez dugu kanporaketa gaindituko. Portugalete oso talde indartsu eta arriskutsua da. Plantilla oso ona du, jokalari aunitz Lehen RFEF Mailan aritutakoak dira”. Edonola ere, Real Unionek ez da kikilduko eta, asteburuan zituen baja berak izanda ere, daudenekin garaipena posible dela sinetsita zelairatuko dira, buruan garaipena presente edukita, baita beraien hanketan ere.