Ekainaren 7an ospatuko da X. Irungo Millak 5K Salto Foundation lasterketa

2026/05/29
Bidasoa Atletiko Taldeak antolatutako lasterketa, ekainaren 7an ospatuko da, goizez. Probaren hamargarren urteurrena izanen da eta, alde horretatik, berezitasuna izanen du parte hartzaileentzat, baita antolakuntza taldearentzat ere. Izen emateak irekiak daude oraindik, www.kirolprobak.com webgunearen bitartez, ekainaren 5eko 13:00ak arte.
Ekainaren 7an ospatuko da X. Irungo Millak 5K Salto Foundation lasterketa
Bidasoa Atletiko Taldeak, Irungo Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Salto Foundation-en babesarekin, X. Irungo Miliak 5K Salto Foundation lasterketa antolatu du heldu den ekainaren 7rako. Ekitaldiak herritar guztiei irekitako kirol jarduera inklusibo, osasuntsu eta solidarioa sustatzea du helburu, eta Irungo erdigunea kirol ekintzaz beteko du. Antolakuntzan, gainera, Gipuzkoako Atletismo Federazioaren, Bidasoko ESIaren, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren eta Kirol Egokituko Federazioaren laguntza jaso dute. Eguneko proba nagusiak Kolon pasealekuko zirkuitu homologatutik igaroko diren 5 kilometroko bi lasterketak izanen dira. Antolakuntzak bi saiotan banatuko ditu korrikalariak: lehenengoa 10:00etan hasiko da, 20 minututik gorako marka dutenentzat izanen dena; bigarrena berriz, 10:45ean, 20 minututik beherako marka egiaztatua dutenentzat. Azken proba honetako lehen hiru sailkatuek 100, 60 eta 30 euroko diru-sariak jasoko dituzte, hurrenez hurren. Izena emateak 13 euro balio du (17 euro azken astean) eta prezioak kamiseta, istripu-asegurua, hornidura eta Artaleku kiroldegiko dutxa, aldagela zein konsigna zerbitzua barne hartzen ditu. Lasterketa guztietarako izen-emateak martxan daude kirolprobak.com webgunean ekainaren 5eko 13:00ak arte, edota egunean bertan irteera eremuan. Dorsalak ekainaren 7an bertan jaso ahal izanen dira Zabaltza plazan, goizeko 8:45etik aitzinera, inskripzio-agiria aurkeztuta. Kirol ekintza ugari goizean zehar Goizean zehar, inklusioari eta adin ezberdinei zuzendutako lasterketek hartuko dute protagonismoa. Goizari hasiera emateko, 09:30ean adinekoentzako Ttipi-Ttapa ibilaldi osasungarria eginen da, eta bukaeran, doako tortilla pintxo bat izanen dute. Geroago, 11:10ean, gurpil-aulki eta handbikeentzako milia bateko karrera jokatuko da. 11:20an berriz, desgaitasun intelektuala duten korrikalarientzako milia erdi bateko lasterketa egingo; azken bi proba hauek doakoak dira, baina nahi izanez gero dohaintza solidarioa egin daiteke. Segidan, 11:30ean, milia herrikoia ospatuko da eta 11:40ean Milla Txiki haurrentzako lasterketa (6-13 urte), 8 euroko prezioa izan duena. Elkartasuna motibazio gisa Egunari borobiltzeko, 12:10ean, Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkartearen aldeko milia solidarioa eginen da. Kolon Pasealekutik igaroko den martxa ez-lehiakor honek 3 euroko donazio sinbolikoa izanen du eta ekitaldi egokituetan bezala, bildutako guztia elkarteari emanen zaio. Gemma Landache Minbiziaren aurkako Bidasoaldeko Elkarteko lehendakariak adierazi du horrelako laguntzek elkarteari urrunago iristeko aukera ematen diotela. Hain zuzen ere, “elkartea eta eskaintzen dituen zerbitzuak ezagutzera emate da gure helburu nagusia”, erantsi du Landachek. Izan ere, elkarteak arreta psikologikoa eskaintzen du gaixo zein senideentzat eta baita arreta soziala. Era berean, material ortopedikoa maileguan uzteko zerbitzua dute. Gemma Landachek nabarmendu du elkarteak eskaintzen dituen zerbitzu guztiak doakoak direla, profesionalengatik eskainiak eta horiek erabiltzeko elkarteko bazkide izan beharrik gabe. Ekarpen solidarioei esker, elkarteak zerbitzu gehiago eskaintzeko helburuari heltzen dio. Adibidez, berriki fisioterapia zerbitzua gehitu dute. Era berean, elkarteak minbiziaren ikerketan laguntzeko helburua du ere, minbizi mota ezberdinetako biziraupen tasak lortzea igotzen laguntzeko. Zerbitzuak eskatzeko edo elkartearekin harremanetan jartzeko Bidasoaldeko egoitzaren telefonoa 943630115 da eta, Donostiako delegazioarena, 94345772.