Emakume Errugbi Eguna ospatuko du Txingudi Rugby Klubak Plaiaundin
2026/09/23
Azken urteetan bezala, Irungo klubak emakumeak errugbira hurbiltzeko saiakera eginen du aurten ere, beraiei zuzendutako egun oso bat antolatuz. Zortzi urtetik gorako eskualdeko emakume guztiak animatu dituzte parte hartzera, errugbia probatzera eta elkarrekin egun ederra pasatzera.
Emakumeen errugbia protagonista izanen da larunbat honetan, irailaren 26an, Plaiaundin. Txingudi Errugbi Klubak, bertze urte batez, Emakume Errugbi Eguna ospatuko baitu, zortzi urtetik gorako, edozein mailatako, neska eta emakume guztiei zuzendua egonen dena. 11:00etan hasiko da eguna, ate irekiera eta harrerarekin. Ondotik, 11:30etik 12:30era errugbi jolasak eta tailerrak egonen dira, klubeko kideek gidatuta. 12:30ean berriz, ordubetez, Plaiaundira hurbiltzen direnak tokatak jokatuko dituzte, hau da, plakajerik gabeko partidak. Azkenik, 14:00etan, hirugarren denbora ospatuko dute denek elkarrekin.
Antolakuntza taldetik “estereotipoak hautsi eta errugbia edonorentzako kirola dela erakutsi nahi” dutela adierazi dute. “Ekitaldi honekin ez dugu soilik kirolaz gozatzea bilatzen, erreferenteak sortu eta emakumezkoen kirola indartzea baizik”, gaineratu dute. Ekitaldi honen babesleak Brioche Pasquier, Bar Fano, Bodegon Elizatxo, Bar Isabel eta Marrubi goxokiak direla ere jakinarazi dute.
Klubaren bertze taldeen asteburu honetako hitzorduak
Senior mailako gizonezkoen Zaisa Txingudik pasa den astean Lekarozen izandako porrotaren sentsazio negatiboak atzean utzi nahi ditu. Horretarako, hitzordu aproposa izanen du, asteburu honetan Donostian, jokatuko den Toci Koparen edizio berria. Atletico San Sebastian taldearen kontra ariko da, Aieteko zelaian, larunbatean (irailaren 26an), 16:00etan.
Bertzalde, 16 eta 18 urtez azpiko taldeek La Unicaren kontra lortutako garaipenen ondotik, Bera Beraren kontra aritzea egokituko zaie asteburu honetan. Puioko zelaian arituko dira larunbatean, 11:00etan eta 12:30ean, hurrenez hurren.
Azkenik, 14 urtez azpikoek denboraldia hasiko dute igandean, Arrasaten, zazpiko errugbiko topaketa batekin.